2013ko uztaileko osoko bilkuran Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari
4.457.000 milioi euroko mailegua eskatzea onartu zuen Bilduren aldeko botoakaz eta EAJren kontrakoakaz. Mailegu hori eskatu ahal izateko, baina, doitze plan bat aurkeztu behar izan du udalak, eta hori onartzeko osoko bilkura egin zuen atzo; Bilduk aldeko botoa eman zuen, eta
EAJk, barriz, kontrakoa. Aldundiak asteon jakinarazi dio udalari doitze plana onartu duela.

Atzo egin zuten osoko bilkura, Bermeon. Argazkilaria: Bermeoko Udala
Mailegu horren bitartez,
“Beruala sozietateak dauzkan zorrak kitatzea” da, besteak beste, udalaren helburua. Hala, udal gobernuaren esanetan, “San Martineko etxebizitzak egiteaz arduratu zen Ganeko eraikuntza enpresari ordainduko lioke, kreditu baten berfinantziazioa aurrera eroango luke eta San Martineko Babes Ofizialeko Etxebizitzak amaituko lituzke, legeak dioen arabera”. Alde Zaharreko herritarrei onartutako diru laguntzak ere emateke ditu oraindik, eta, beraz, horiei dagozkien zorrak ere baditu; 600.000 euro inguru. Zor horiek maileguaren barne sartu nahi izan dituen arren, aldundiak ez dio onartu.
Egoerari aurre egin
Egoerari buelta ematea da udal gobernuaren asmoa, eta horretarako, “aurre egin” behar zaiola argi du; horregatik eskatu du Bermeoko Udalak 15 urtetan ordaindu beharko duen mailegua. “Ez dakigu mailegua eskatzearena irtenbide onena ote den, baina
mahai gainean dugun aukera bakarra da”.
“Kontu-ikuskapena egin genuen, Berualaren egoera ezagutzeko; horrek argi zioen kiebra egoeran zegoela; hori dela eta, erabaki bat edo beste lehenbailehen hartu beharra geneukala zioen”, azaldu du Bidegurenek. Hala, alkatearen arabera, aukera bi zeuden; bata, Beruala sozietatea desegitea, eta, bestea, egoera ekonomikoari irtenbidea bilatzea.
Epailearen epai irmoa ere bazuen udalak, esanez, fidantza bat ordaindu behar zuela, eta horretarako epe bat zheaztu zuen. Udalak, baina, dirurik izan ez, eta ez zuen ordaindu; hala, bahiturara jo zuen epaileak.
Gauzak horrela, eta irtenbidea bilatu nahian, aldundiara jo zuen udalak. Mailegua eskatu ahal izateko, doitze-plan bat egiteko eskatu zion aldundiak udalari, egiaztatzeko mailegu hori ordaintzeko gai izango dela. Asteon onartu dio aldundiak doitze-plan hori, eta atzo egin zuen udalbatzak. Orain, beraz, finantza-etxekoekin sinatu beharko du udalak aipatu mailegua.
Jeltzaleak doitze-planaren arrazoiagaz desados
Jeltzaleak, bestalde, kontrako botoa eman zioten atzoko osoko bilkuran doitze-plan horri; “ikuspegi teknikoan ez dugu zalantzan jartzen plana, bai, ordea, horren izateko arrazoia eta baita helburua ere”, azaldu zute. Izan ere, “plan horren helburua Berualak dituen zorrak kitatzea dela badiote ere,
argi dago zorduna udala dela eta ez Beruala“, diote. EAJk azaldu duenez, 2012ko abuztuan ospatutako Berualako administrazio kontseiluan aho batez onartu zen
Udalak Berualari 4.453.232,64 euro zor zizkiola kultur etxeko obrengatik; hori dela eta, udalak bere garaian –edo orain–ordainketa hori egin izan balu Berualak ez lukela inolako zorrik izango argi utzi nahi du.
Horren aurrean, Bidegurenek aitortu du
“dokumentazio faltagatik desadostasunak” izan zirela . “Berualako kudeatzaileak dirua atera zela bazekien, baina ezin izan zuen justifikatu, eta hori kontu hartzaileak ezin izan du onartu”, aitortu du. Dena den, garrantzitsuena egoerari buelta ematea dela dio alkateak; “etxe horiek bukatzea eta saltzea”.

San Martineko etxebizitzak
Halaber, maileguaren helburu bategaz ere ez dira ados agertu jeltzaleak. “Ganeko enpresari ordainketa egitea eta kreditu baten berfinantziazioa aurrera eroateagaz ados gaude, baina ez San Martineko etxebizitzak eraisteko ordainketa burutzeagaz”; izan ere, EAJren ustez, hori egiteak Ibarretas XXI enpresak egindako proiektua duela oinarritzat, eta hori “ez legezkoa” dela dio, “nahiz eta Bilduk erabaki politiko baten bidez koten legea aldatu egin zuen”. “Bermeoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, eraikin bat egiteko beharrezkoa da, gutxienez, Babes Ofizialeko Etxebizitzen baldintzak betetzea, eta, kasu honetan, Ibarretas XXI enpresaren proiektuak ez du baldintza hori betetzen Eusko Jaurlaritzako teknikariaren arabera”. Gauzak horrela,
“legezkoa ez den proiektu bat finantzatzeko” ez delako inolako mailegurik eskatu behar dio alderdi jeltzaleak.
Jaurlaritzagaz lanean
Udal Gobernuak, baina, argi utzi gura izan du San Martineko etxebizitzek Babes Ofizialeko Etxebizitzen
baldintza guztiak bete ditzaten, Eusko Jaurlaritzagaz lanean dabiltzala. “Hainbat bilera izan ditugu, asteon azkena, eta proiektua behar beste aldatuko da BOE-en baldintzak betetzeko, eta, era berean, epaileak agindutakoaren arabera bukatzeko eta saltzeko”, adierazi du.