
Idoia Fernandez eta Oier Garate
Gernika-Lumoko herritarrek Tantaz Tanta mugimenduari buruzko hausnarketa prozesu bat abiaraziko dute, etzi. Hain zuzen, mugimendu jaioberriari buruzko azalpen labur bat emango dute antolatzaileek, eta bildutakoak talde txikietan elkartuko dituzte gero. Parte hartzaileek tanta izatea zer den, eta tanta bakoitzak zer egin dezakeen aztertuko dute, Astran, 10:30etik aurrera. Idoia Fernandez (1975) eta Oier Garate (1986) Gernika-Lumoko bizilagunek hausnarketa prozesuan parte hartzeko deia egin dute.
Tantaz Tanta mugimendua Gernika-Lumoko herritarren artean zabaldu nahi duzue, baina zer da Tantaz Tanta?
Idoia Fernandez. Euskal presoen eta iheslarien eskubideen aldeko aportazio multzoa da Tantaz Tanta. Norbanako bakoitzak esparru desberdinetan eragiteko duen ahalmena bistaratu nahi du mugimenduak. Dinamika orokor bat da urtarrilaren 11ko mobilizazio erraldoi horretan jendetza batzeko, baina ezin gara mugatu egun jakin batzuetan protesta egitera. Bakoitzak bere eremuan eraginez, egunerokotasunera lekualdatu behar dugu euskal presoen eta iheslarien afera.
Zergatik da horren garrantzitsua euskal presoen eta iheslarien gaia kalera ateratzea?
Idoia Fernandez. Urtarrilaren 11n Bilbon jendetza batzea oso garrantzitsua da, hemen gaudela eta gehiengoa garela ikustarazteko. Ez gara lau edo bost pertsona; milaka eta milaka lagun gara. Egun hori alde batera utzi barik, baina, norberak egunerokotasunean egin dezakeen lana ere oso garrantzitsua izango da. Txikiak diruditen gauzek ere garrantzia handia daukate. Hala, aktibatzeko, parte hartzeko eta presoen zein iheslarien alde lan egiteko deia egiten du Tantaz Tantak.
Zelan egin daitezke tanta interesa duten pertsonek?
Oier Garate. Tanta bihurtzeko
www.tantaztanta.info webgunean dagoen Izan zaitez tanta atalera sartu behar dute interesatuek. Datu orokor batzuk jakinaraziz, egunerokotasunean eskaini dezaketen lan xumearen berri ematen dute ur tantek.
Eta zer egin dezake tanta batek euskal presoen eta iheslarien aferan laguntzeko?
Garate. Gauza asko egin daitezke, ardura maila desberdinak hartuz. Antolatutako ekitaldietara joanez, ekitaldiak antolatuz, kartelak jarriz, mugimenduaren batzarretara joanez, diru laguntzak emanez, presoak bisitatuz… lagundu dezakete norbanakoek. Norberaren eskuetan geratzen da zelan lagundu. Ez dugu itxaron behar norbaitek zerbait antolatu arte. Zergatik ez dugu hartzen iniziatiba guk geuk, herritar bezala zerbait eginez? Herritar bakoitzak bere esparruan zer eskaini dezakeen da gakoa.
Fernandez. Gauza txikia dirudien arren, lankideen artean euskal presoen eta iheslarien gaia ateratzea ere oso garrantzitsua da. Presoen eta iheslarien egoeraren jakitun garela uste dugu askotan, baina zenbait esparrutan ez da horrela gertatzen. Komunikabideek zenbait gai estaltzen dituzte, eta horiei zabalkundea emateko, esaterako, oso garrantzitsua da ahoz ahokoa.
Presoen eta iheslarien gaiari irtenbide bat emateko ezinbestekoa da euskal jendartea aktibatzea?
Fernandez. Hotzean agian ez zaizkigu laguntzeko moduak bururatzen, baina konpromiso maila desberdinak daude. Hala, edozein pertsonak lagundu dezake. Zentzu horretan, gizartearen aktibazioa ezinbestekoa izango da helburu potoloak bete ahal izateko. Bilbon itsasoa irudikatuko dugu, baina herrietako errekek mugitzen jarraitu behar dute aurrerantzean ere. Ideia hori zabaldu behar dugu.
Euskal gizarteak, hortaz, eremu guztietan egin behar du presioa?
Fernandez. Presioa egin behar dugu, euskal presoei eta iheslariei oinarrizko giza eskubideak ukatzen zaizkiela errealitate bat delako. Espainiako eta Frantziako gobernuak zein hainbat komunikabidek presoen eta iheslarien eskubide urraketak estaltzen saiatzen dira, baina errealitate bat dira. Hala, pertsona horien eskubideak defendatu behar ditugu, gaia kaleratuz. Gaur egungo egoera politikoan preso eta iheslariek ere bere ekarpena egin behar dute.
Gernika-Lumon hausnarketa prozesu bat jarriko duzue martxan etzi. Zer da egun horretarako prestatu duzuena?
Fernandez. Mugimendu jaioberriari buruzko zenbait azalpen sinple emango ditugu, ostean lagunarteko eztabaida bat egiteko. 10:30ean elkartuko gara, eta azalpen txikiaren ostean, lau edo bost laguneko taldeetan banatuko gara. Tanta izaeraren inguruko eztabaida bat egingo dugu, eta luntxa izango da amaieran.
Garate. Hiru galderari erantzuna ematen saiatuko gara. Zer da tanta izatea?, zelan aurkeztu gure burua tanta bezala? eta zer egin dezakegu tanta bezala? izango dira jorratuko ditugun hiru galderak. Helburu nagusia hausnarketa prozesu bat martxan jartzea da, aurrerantzean zein bide hartu dezakegun erabakitzeko. Ideia desberdinak trukatzeko gunea ere izan daiteke mintegia.