Ez zituen espero beste lagun batu Bermeoko 90’s party jaialdiak; dena den, gutxi izanik ere edarto pasatzeko aukera izan zuten. Ia 200 lagun batu ziren zapatuan Bermeoko Kafe Antzokian, 90eko hamarkadako erropez jantzita, orduko musikagaz gozatzeko. “
200 bat izan ginen, baina 400 personek aterako luketen zarata atera genuen“, azaldu du Iñigo Atxa Spookypheria kultur elkarteko kideak. Bertaratutako jendeak asko gozatu zuela eta uneoro giro ona sortu zuela gaineratu du.
Madrifornication taldeak jarri zituen antzokiko lehen doinuak zapatuan.
“Kalitatezko kontzertua” eskainita, umorea eta giro ona eroan zuten taulagainera. Red Hot Chili Peppers musika talde estatubatuarraren bertsioak egiten ditu Madrifornicationek, eta, “oso ondo” egin zuela aitortu du Atxak. Talde madrildar horren ostean, Bermeoko DJ Datak jarri zuen antzokia dantzan. Bost orduz segidan, 90eko hamarkadako doinuak izan ziren protagonista antzokian.
80ko hamarkadako jaia antolatu izan ohi du azken urteetan Spookypheriak Bermeon, eta aurten ere hala egin du. Horrez gain, baina, 90eko hamarkadara salto egin nahi izan du oraingoan Bermeoko elkarteak. Ez du jende kopuru aldetik arrakasta bera izan, 80ko hamarkadako jaira 500 bat lagun bertaratzen baitira. Beharbada, data kontua izango dela uste du elkarteak.
Gaur gaurkoz ez dute datorren urtean 90’s party antolatzeko asmorik; “agian, bi urte barru”. Egitekotan ere, beste data batetan egingo luketela argi dute.