
Urrian ‘Guernica 1913’ antzerkia aurkeztu zuten Gernika-Lumon
Jose Angel Etxaniz Gernikazarra elkarteko kideak eta Antxon Narbaiza Eibarko historiagileak
Gernika 1913. Industria, sindikalismoa eta gatazka soziala. Eibartarrak hiribildura iritsi zirenekoa berbaldia emango dute gaur (hilaren 10a), Elai Alai aretoan. Hain zuzen, 20:00etan hasiko da hitzaldia.
Bake Leku txokoak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeak elkarlanean antolatuta, hizlariek bertoko herriko lehen industria saiakera izango dituzte gogoan. Pentsamendu aldaketek eta horien arteko talkek eragin zuzena izan zuten Busturialdeko bizimoduan. Izan ere, Eibartik (Gipuzkoa) etorritako lehen beharginek, eskualdeak ezagutu duen lehen greba orokorra egin zuten, 1913an.
Garai hartako botere guneak Eibarko langileen eskakizunak alboratu arren, langile horiek txalo artean agurtu zituen Gernika-Lumok.