172 herritarrek parte hartu dute Bermeoko 'Erdu Olerki' lehiaketan
Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren laguntzagaz, Erdu Txo! Gazte Asanbladak lehenengo aldiz antolatu duen lehiaketa da hori. Parte hartzaile horiek guztiek modalitate bitan banatuta parte hartu dute; hala, 16 urtetik gorakoen modalitatean parte hartu dutenek, guztira, 15 lan aurkeztu dituztela jakinarazi dute Gazte Asanbladako kideek, eta 15 urtetik beherakoen modalitatean parte hartutakoek, berriz, 157.
Lehenengoz antolatu duten lehiaketa horretako parte hartzaileek gai librea izan dute; dena den, “kritikotasuna” kontuan hartuko dutela argi utzi zuten antolatzaileek. Horrez gain, hizkuntzaren kalitatea eta edertasuna baloratuko zirela ere jakinarazi zuten; izan ere, “euskaraz kritikoki idazteko ohitura sustatzea” da Gazte Asanbladaren xedea.
Hori kontuan hartuta, beraz, baloratu dituzte lehiaketako onenak; orain, horiek saritzeko unea iritsi da. Horretarako, abenduaren 14an, zapatuan, batuko dira Bermeoko Lameran. Hala, 13:00etatik aurrera, modalitate bakoitzeko bina olerki sarituko dituzte.