
‘Giza eskubideen aldeko tira’, Bakearen Museoan
Gernika-Lumoko Bakearen Museoak bihar ez du sarrerarik kobratuko, Giza Eskubideen Eguna ospatze aldera. Hain zuzen, 10:00etatik 19:00etara bisitatu ahalko da museo hori, doan. Gainera, 13:00etan bisita gidatu bat antolatu du, norbanakoei zuzenduta, hori ere doan. Giza Eskubideen Egunaren harira, halaber, ikastetxeei zuzendutako jarduerak egingo ditu eguaztenetik barikura bitartean.
Joan den irailetik, bestalde,
Giza eskubideen aldeko tira erakusketa ikus daiteke Bakearen Museoan. 30 komiki bineta inguru batzen ditu, eta “gazteei zein helduei zuzendutako erakusketa da”. Ikusgai jarritako lanek giza eskubideak ezagutzeko aukera ematen dute, modu berezi batean. 2014ko martxora arte izango dira ikusgai komiki binetak.
Giza eskubideen aldeko tira erakusketak, 2010ean Fernando Buesa Fundazioak antolatutako nazioarteko txapelketa batean du abiapuntua. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 30 artikuluak komiki bineten bitartez islatu behar zituzten parte hartzaileek. Txapelketa horretan 50 herrialdetako 210 lagunek parte hartu zuten. Bidalitako 483 lanetatik hoberenak aukeratu zituzten eta museo birtual bat egin zuten sarean. Museo birtuala
www.fundacionfernandobuesa.com helbidean bisita daiteke.