
Bakearen Museoko erakusketa
Hezkuntza eskubidea, osasun eskubidea, haurtzaroko eskubideak, etxebizitza bat izateko eskubidea, berdintasun eskubidea, elkartzeko eskubidea, atsedenerako eskubidea, etorkinen eskubideak, adierazpen askatasuna, pentsamendu askatasuna… Guzti horiek eta beste hainbat eskubide eta askatasun gehiago ezagutzeko aukera izango dute bertoko herritarrek, Bakearen Museoak jarritako erakusketa baten bitartez. Erakusketa berezia izango da, gainera, komiki bineten bitartez emango baitute adierazpenak dauzkan 30 artikuluen berri.
Artikulu bakoitzeko lan bat jarri dute ikusgai antolatzaileek. Hala, giza eskubideak modu berri batean ezagutzeko aukera bikaina da erakusketa. Museoko kideek nabarmendu dutenez, «egunerokotasuneko gaiak landu dituzte nazioarteko artistek, komiki bineta oso erakargarriak eginez». Hori dela eta, gazteei zein helduei zuzendutako erakusketa bat dela deritzote.
Antolatzaileen berbetan, «munduko kultura eta pentsamendu desberdinak» ezagutzeko aukera ere ematen dute Bakearen Museoan jarritako lanek. Pertsona bakoitzak errealitatea modu desberdinean bizi duela deritzote museokoek. Hortaz, «giza eskubideak ez dituzte bardin irudikatzen Frantzian edo Indonesian».
Museoko kideek azaldu dutenez, erakusketa erakargarria da, eta ikusteko erraza. «Marrazkilariek gaur egungo arazoak dauzkate berbagai, ironia, kritika eta umorea uztartuz». Hala, ederto pasatzeko eta ikasteko aukera izango dute bisitariek.
Buesa fundazioaren laguntza
Fernando Buesa Fundazioaren laguntzari esker jarri du komiki bineten erakusketa Bakearen Museoak. Jakinarazi dutenez, «erakusketa jendaurrean jartzen duten lehen aldia da».
Erakusketak, baina, 2010eko nazioarteko txapelketa batean dauka abiapuntua. Txapelketa horretan 50 herrialdetako 210 lagunek parte hartu zuten. Hain zuzen, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren artikuluak komiki bineten bitartez islatu behar zituzten marrazkilariek.
483 lan aurkeztu zituzten txapelketara. Ostean, komiki bineta hoberenak aukeratuta, museo birtual bat sortu zuen fundazioak. Hain zuzen, 68 lan batu zituzten
www.bideo.info/buesa/museo helbidean.
-
-
Bakearen Museoko erakusketa
-
-
‘Giza eskubideen aldeko tira’, Bakearen Museoan
-
-
-
-
-
-
-
-
-