Erabilitako gauzei irtenbidea ematea helburu, bigarren eskuko azoka egin du asteburuan Haitz Nagusije alde zaharreko auzo elkarteak Bermeon. Objektu batek erabilera gehiago izan ditzakeela iritzita antolatu dute, beste behin ere, merkatu txikia, Goiko plazan. Hala, hainbat eta hainbat produktu eskuratu ahal izan zituzten zapatuan herritarrek; hala nola, arropak, oinetakoak, gerrikoak, bitxiak, jostailuak, osagarriak… Begiratzera zein erostera, hainbat izan ziren Goiko plazara bertaratu zirenak.
Foruan ere, bestalde, bigarren eskuko azoka egiteko asmoa erakutsi du Haitz Biribil elkarteak. Abenduaren 22an, domekan, izango da hori. 11:30etik 15:00etara, Haitzbiribil-Burduntzi arkupeetan. Parte hartu eta bere objektuak salgai jarri nahi dituenak 618551569 telefono zenbakira deitu beharko du.