ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Agurtzane Ormatza (Bakio; 1967) sexologo eta psikologoak emakumeen sexualitateari buruzko jardunaldi batzuk ematen ari da Gernika-Lumoko Astran. Lehen bi saioak eginda, barikuan izango da hurrengo tailerra. Horren ostetan, bestalde, hilaren 19an egingo dute azken saioa. 17:00etan hasiko dira egun horietarako prestatutako tailerrak. “Sexulaitateari buruz berba egiteko gune publiko bat sortu” nahi dute antolatzaileek.
Kukubedarra Urdaibaiko Emakumeen Elkarteak antolatuta, emankumeen sexualitateari buruzko jardunaldi batzuk ematen ari zara. Zer da jardunaldi horiekin trasmititu nahi duzuna?
Nire ustez, emakumeek erotikari eta sexualitateari buruz berba egiteko gune bat izatea da garrantzitsuena. Lehenengo pausoa, hortaz, eman dugu: Gernika-Lumoko eta eskualdeko emakumeak batzeko gune bat sortu dugu.
Emakumeek ez dute sexualitateari buruz berba egiteko gunerik?
Egon badaude, baina askotan gatza egiten zaigu berba egitea. Ez da berbarik egin nahi ez dugulako, edo ez dakigulako zer egin gune horiek sortzeko, baina ez da erreza. Erotikaz eta sexualitateaz berba egiteak lotsa ematen digula dirudi, baina nik ez dut lotsa hori sentitu. Hainbat tailer eta hitzaldi eman ditu, eta ez dut lotsarik ikusi.
Emakumezkoek eta gizonezkoek desberdin bizitzen dute sexualitatea?
Antzekotasun asko dauzkagu, baina baita desberdintasunak ere. Oso desberdinak gara, baina, antzekoak aldi berean. Nire ustez, hala ere, desberdintasun horiek ez dira kaltegarriak. Emakumeen eta gizonen artean dauden desberdintasunek bultzatu naute sexualitatea ikertzera. Emakumeon eta gizonezkoen arteko ezberdintasunek gizartea aberasten dutela deritzot. Mende honetako erronka, desberdintasuneai balioa ematea, eta horiengandik ikastea dela uste dut.
Emakumeen sexualitatea gai tabu bat da?
Gauza desberdinek eragin dute hor ere. Alde batetik emakuneen sexualitatea beti izan da gai oso intimoa. Nire ustez kanpotik gai tabu bat bezala ikusi da, baina errealitatea ez da hori. Emakumezkook beti hitz egin dugu gure sexualitateaz, baina etxe barruan. Egia da Frankoren garaian gai tabu bat bihurtu zela, balore batzuen aitzakipean. Hala ere, hurbileko jendeagaz beti egin dugu berba gure sexualitateaz. Gaur egun, bestalde, intimitatea eta publikotasuna gero eta gehiago uztartzen ditugu.
Sexuen arteko borroka errealitate bat da?
Desberdinak gara, eta batzuetan talka egiten dugu. Hala ere, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko borrokak ez digu mesederik egiten. Bizimoduan eta ohean bertan ere, ez da batere onuragarria. Alkarrengandik ikasi behar dugu, desberdinak garela eta gauzak desberdin egiten ditugula onartuz.