
Eneritz Artetxe, Beldur Barik sarietan
Eneritz Artetxe Gernika-Lumoko aktorea Durangoko Azokako egitarauan parte hartuko duen bertoko sortzaileetako bat izango da. Dxusturi Antzerki Taldeko kideen laguntzagaz, Phillipe Gaullierren
Konpota lana taularatuko du Artetxek. Nabarmendu duenez, Gaullierren lan bat euskaratzen duten lehen aldia da. Hala, Frantziako idazlearen lana ezagutzeko aukera paregabea izango da azokako antzerki zaleentzat. Dxusturi taldeak Eszenatokia gunean estreinatuko du antzezlana, domekan, 19:00etan. “Gogotsu” dagoela esan du Artetxek.
Domekan Konpota antzezlana estreinatuko duzue Durangoko Azokan. Taula gainera igotzeko gogotsu al zaude?
Urtebete inguruko lanaren ostean, antzezlana jendaurrean aurkezteko gogotsu gaude. Lana taularatuko dugun lehen aldia izango da, eta ezinegon puntu bat ere badaukagu, guztia ondo ateratzea nahi baitugu. Agertokira igotzean, baina, ezinegon guztiak ahaztuko ditut.
Zu al zara obrako antzezle bakarra?
Obrako aktore bakarra izango naiz, baina hainbat lagunek parte hartu dute lanak argia ikusi dezan. Antton Lukuk, esaterako, testuaren moldaketa egin du, eta Pablo Ibarluzeak zuzendari lanak. Bestalde, eszenografian, argiztapenean eta jantzien aukeraketan ere hainbat pertsonaren laguntza izan dugu.
Zubi egitasmoaren barruan sortutako lan bat da Konpota, ezta?
Konpota arrazoi batengatik da oso garrantzitsua: 2011n Ipar eta Hego Euskal Herriko zazpi kidek gogoeta sakon bat egin zuten, euskal antzerki profesionalaren heriotza ekiditeko, eta Zubi proiektua helburu horregaz sortu zuten.
Konpota Zubi egiturak sostengatu duen lehen sorkuntza lana izan da. Zubik laguntza ekonomikoa ematen du, baina baita bestelako laguntza ere; antzerki aretoetan ikuskizunak antolatzeaz ere arduratzen da, esaterako.
Ondo pasatzeko edo hausnarketarako lan bat da Konpota?
Philippe Gaulierren lan guztiek bezala,
Konpotak ere umorea eta hausnarketa batzen ditu. Hala, pentsatuz ondo pasatzeko antzezlan bat dela esango nuke. Ironiaren bidez lantzen dugu umorea, baina gai garrantzitsuez egiten dugu berba. Hala, denetarik daukala esango nuke.
Zergatik joan behar dute antzerki zaleek Konpota antzezlana ikustera?
Interpretazio zein eszenografia aldetik, lan desberdina eta berritzailea dela uste dut. Hala, esperientzia berri bat bizitzeko aukera izango dute antzerki zaleek. Gainera, lehen aldiz taularatuko dugu Philippe Gaulierren lan bat euskaraz. Aukera paregabea da idazle frantziarraren lana ezagutzeko.
Durangon estreinatuko duzue lana, baina aurrerantzean ere obra jendaurrean antzezteko asmoa izango duzue, ezta?
Gure helburua lana antzerki areto desberdinetan aurkeztea da. Hortaz, leku batetik bestera ibiltzea espero dugu. Momentuz, Zornotzako, Leioako, Gernika-Lumoko eta Ipar Euskal Herriko zenbait aretotako aurkezpenak zarratu ditugu.
Telebistan eta antzerkian lan asko egin duzu. Zein duzu nahiago?
Telebista eta antzerkia desberdinak dira, baina, bat aukeratzekotan, antzerkia aukeratu beharko nuke. Kontrakoa gerta daitekeen arren, orokorrean antzerkiak gehiago betetzen nau. Jendaurrean antzezteak bestelako garrantzia bat ematen dio aktoreari. Pertsonaiaren interpretazioan eragiteko aukera gehiago ematen du. Dena den, telebistan ere momentu oso onak pasa ditut. Hala, bihak uztartzen jarraitu nahiko nuke, aukera izanez gero.
Hortaz, ez duzu antzezteko grina galdu.
Antzezteko grina galduz gero, ez nuke mundu horretan jarraituko. Antzerkia nire bizitza da, eta asko betetzen nau. Lanean jarraitzeko gogotsu nago.
Urte asko daramatzazu antzezten. Hasieran baino hobeto moldatzen al zara taula gainean?
Egia esan, ez dakit hasieran baino hobeto antzezten dudan. Hala ere, gauza bat nabaritu dut azkenaldian. Gustatzen zaizkidan lanak bakarrik egiten ditut, eta oso eroso sentitzen naiz, egia esan. Gustuko ditudan lanak antzezteak poztasun berezi eta eder bat sentiarazten dit.