Hainbat dira 1988az geroztik Bermeon Hiesaren inguruan egin diren ekimenak; hainbat baita, urte horietan guztietan, borrokatzeko atera izan dituzten indarrak. Asko dira Euskal Herriko zein nazioarteko prentsak bildutako albisteak, eta asko dira baita, Bermeok bizi izandako momentuak. Gehiago dira, ordea, Bermeok Hiesaren inguruan erakutsitako ausardia keinuak.
Irudi batek 1.000 hitz baino gehiago balio duela esan ohi da sarritan, eta batzuetan, izan ere hala izaten da. Horren adibide garbia da, esaterako, Nestor Basterretxea aretoak hartu duen erakusketa. Gaur egunetik iraganera salto egin, eta duela 25 urte sortutako Hiesaren aurkako mugimenduaren berri ematen baitigu, argazki sinple bezain adierazgarrien bitartez. Horren gaineko informazioa eskuratzeko, beraz, Nestor Basterretxea aretora bertaratzea baino ez du izango herritarrak domekara bitartean, 19:00etatik 21:00etara.
Bermeoko jarrera “eredugarria” izan da Hiesaren aurrean, Bermeo protagonista izan da horretan. Bermeon egin ziren estatu mailako GIB-Hiesarekin bizi diren pertsonen lehenengo topaketak; Bermeon jarri zuten lehenengoz Hiesaren aurkako sinbolo bilakatu den lehen lazo gorria; Bermeoko etxeetako balkoiek hartu zuten lehenengoz izara zuria. Bermeo izan da Hiesaren herri erreferentea.
Bermeo, “errealitate bat”
Arazo bat izan eta horri aurre egiten jakin du Bermeok; hala uste du, behintzat, Josu Imanol Unanue Hiesaren kontrako mugimenduaren aktibista bermeotarrak. Gaitzaren aurrean Bermeok beti ondo erantzun duela dio; “paradisu bat izan da, errealitate bat”. Bertatik ateratzean, baina, guztia “zailagoa” izan da. Horregatik, seropositiboak herriagaz zorrean daudela uste du Unanuek. Hori ordaintzeko eta herritarren lana gogora ekartzeko bildu dituzte zenbait argazki, albiste, elkarrizketa eta momentu erakusketan.
Borrokatzea garrantzitsua dela uste du Unanuek, eta horri esker, Hiesaren aurrean hainbat lorpen eskuratu direla dio: “Egun, esaterako, sendagileek ematen diguten tratua oso ona da Euskal Herrian; informazioa izatea ere lortu dugu, eta adibide bat izatea ere lortu dugu, Hiesaren aldeko borrokak mendeetan inork lortu ez duena lortu duelako”.
Horrez gain, Hiesari esker, baztertuta eta ahaztuta izan diren hainbat gai landu direla ere azaldu du; hala nola, duintasuna, botikak, harremanak, ikerketak, ospitaleetako tratua, sexualitatea bera, droga kontsumoa, xiringen elkartrukatzea, famili eta lagunen arteko harremanak, afektibitatea… Halaber, heriotzari beldur ez izatea ere lortu dute seropositiboek, bermeotarraren ustez.
Berdintasuna lortzeke
Dena den, oraindik lortzeke direnak ere badirela aitortu du: berdintasuna, esaterako. “Guk botikak ditugu hemen, eta horrekin nahikoa dela uste dugu, baina munduko kaltetu guztiok osatzen dugun kolektibo gisa jardun behar dugula deritzot”. Alegia, guztiek irtenbidea eta duintasuna eskura izan arte borrokatzen jarraitu behar dela uste du Bermeoko aktibistak. Eta nola ez, seropositibo gehiagorik ez egotea lortu behar dela argi du. Horretarako, prebentzio neurriak martxan jartzea beharrezkoa ikusten du. Hau da, nork bere xiringa erabiltzea, kondoiaren erabilera sustatzea eta gaitza duen ama haurdun dagoenean tratamendua jasotea, umea osasuntsu jaio daiten.
GIB-Hiesa dutenak, berriz, zaindu egin behar dira, baina, horregaz batera, aurrera egitea dute irtenbide egokiena, Unanueren ustez: “Bizi egin behar da, momentua aprobetxatu; biharko eta etzirako zereginetan pentsatu aurretik, gaurkoaz gozatu”.
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala
-
-
Argazkilaria: Bermeoko Udala