
Irudian Santa Luzia baselizaren ingurua
Santa Luzia auzo ingurua aisialdirako gune berde bihurtu nahi du Gernika-Lumoko Udalak, eta, horretarako, 2013a amaitu baino lehenago hasiko ditu egokitzapen lanak. Jose Ramon Bilbao ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “lur eremu horietan landare inbaditzaile asko daude”. Hala, horiek kenduko dituzte, eta bertoko zuhaitzez osatutako gune desberdinak jarriko dituzte.Zonaldea egokituta, gainera, aisialdirako eremu berriak izango dituzte herritarrek.
Proiektuaren helburu nagusiak zonaldea leheneratzea, eta bertoko habitat desberdinak ezagutaraztea dira. Hortaz, zenbait interpretazio panel jarriko dituzte bertoko habitaten garrantzia nabarmentzeko. Modu berean, zenbait jolas ekipamendu jartzea aurreikusten dute.
Guztira, 9.680 euro inbertituko ditu udalak, 21.800metro karratu inguru egokituz. Hain zuzen, bost gune izango ditu Gernika-Lumoko eremu berde berriak. Haritzak, arteak, pagoak, lizarrak eta beste arbola mota batzuk landatuko dituzte gune horietan.