Bermeoko San Martineko etxebizitzen auziaren harira, deklaratzera deitu dituzte gaur Bermeoko Udaleko arkitekto Ander Idigoras eta Ganeko eraikuntza enpresako ordezkari bat. Berualako abokatu Jose Luis Soldevillak azaldu duenez, Ganeko enpresako ordezkariak deklaratu du momentu oro jardun zutela Berualaren agindupean; alegia, San Martineko etxebizitzak Xabier Legarreta alkate ohiaren, Iñigo Imatz orduko Hirigintza zinegotziaren eta Josu Azaola Berualako kudeatzaile ohiaren aginduei jaramon eginda eraiki zituztela.

Gauzak horrela, adierazpen horiek egiaztatzen dituen froga idatziak aurkezteko eskatu dio epaileak Ganekoko ordezkariari; beraz, abenduaren 13ra arte izango du horiek aurkezteko epea.
Udaleko arkitektoaren deklarazioa, bestetik, “oso luzea” izan dela azaldu du Soldevillak. Berualakoa abokatuaren arabera, “Idigorasek argi utzi du ondo baino hobeto zekiela nola egin behar zuen bere lana. Etxeak eraikiktzeko planoak, baina, zegokion txosten administratiboan ez zeudela deklaratu du gaur, epailearen aurrean. Hala, Legarretak eta Imatzek unean-unean agintzen ziotenaren arabera jardun zuela onartu du. “Nire ustez, etxebizitzak ez daude planoek biltzen duten moduan eraikita, baina hori gerora erakutsiko da”, azaldu du Soldevillak.
Legarreta eta Imatzeri hirugarren delitu bat leporatzea eskatu du Berualak; hain zuzen, Justiziari trabak jartzearen delitua, eta horregatik deklaratu dute gaur Idigorasek eta Ganeko enpresako ordezkariak. Soldevillaren arabera, “oraindik ebazpenaren zain” dira, baina uste du gaurko deklarazioaren arabera emango dutela ebazpen hori. Izan ere, bere ustez, hainbat adierazpen deigarri bildu ditu gaurko deklarazioak. Hala, epaileak erabaki egin beharko du ea delitu horregatik Legarreta eta Imatz auzipetu ditzakeen. Hala izatekotan, horren berri emango dio Fiskaltzari, eta hark erabakiko du Legarreta eta Imatz berriro deklaratzera deitu edo ez.