
Gernika-Lumoko Hondakin Uren Araztegia
EH Bilduren gobernuaren “gardentasun eza” salatu du Gernika-Lumoko EAJ-PNVk, ohiko osoko bilkurak kenduz, koalizioak gai gatazkatsuen inguruko debatea eragozten duela argudiatuta. Jeltzaleen berbetan, EH Bilduk azaroko ohiko osoko bilkura kentzea eabaki zuen, “aztertzeko gairik ez” zegoela iritzita. EAJ, baina, haserre agertu da udal kudeaketan parte hartzeko “aukera bakarra” baitira batzar orokorrak.
Jeltzaleek diotenez, “ez da gertatzen den lehen aldia”. Izan ere, osoko bilkuretan gai garrantzitsuak eztabaidatu behar dituztenean, Gorroño ezkutatu egiten dela deritzote. Oraingoan, Busturialdeko araztegietako beharginen gaiak sortu du zalaparta. Izan ere, urriko osoko bilkuran, EAJk formalki eskatu zuen azaroko bileran Busturialdeko Ur Partzuergoaren egoeraren gaia aztertzea.
Saneamendu azpiegiturak publiko bihurtuz gero, “hamazazpi langile” kaleratuko dituztela esan du EAJk. Hala, Gernika-Lumoko “alkatearen iritzia ezagutu” nahi dutela jakinarazi du alderdi politikoak.
Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendari Iratxe Arriolak, baina, behien baino gehiagotan azaldu du partzuergoak ez duela inor ere kaleratuko. Behargin horiek Aquagest enpresarentzat egiten dute lan, eta ez ur partzuergoarentzat. Hala, erakunde publikoak ez du inor kaleratuko. Horren ordez, bi lanpostu gehiago sortuko dituzte saneamendu azpiegituren kudeaketa beregain hartuz gero.
“Beharginen ezinegona ulertzen dugu, baina lan poltsa publiko bat zabaltzeko lehiaketa publiko bat egin behar da”. Hala, gaur egun Aquagesteko langile diren horiek aukera berdintasunean aurkeztu baharko lirateke lanpostua mantentzeko aukera izan dezaten. Lan esperientziak eta azterketa praktikoak, gainera, “puntu asko” emango dituztela azaldu zuen Arriolak.