
Orbe (eskuman) Ronde de l’isard-eko (Frantzia) itzuliko podiumean
Haritz Orbe txirrndulari gernikarrak Miguel Madariagak gidatutako Euskadi Fundazioaren taldean jarraituko du urte bete gehiago. Madariagak duela gutxi eman zuen Kontinental mailako taldea mantentzeko asmoaren berri, eta datorren urterako taldea prestatzen ari da dagoeneko. Hain zuzen, Orbe eta Jon Larrinagaren kontratuak luzatu dituzte, eta datozen egunetan taldea osatuko duten gainontzeko txirrindularien berri emango du Euskadi Fundazioak. Proiektua urte bete gehiago luzatuta, euskal harrobiko txirrindulariei profesionaletan lehiatzeko aukera ematen jarraitu nahi du taldeak.
Orbe taldeko txirrindularirik hoberenetako bat izan da aurten, Larrinagagaz batera. 2013an, esaterako, bigarren amaitu zuen 23 urtez azpikoen Madrilgo Itzulia. Espainiako hiriburuan jokatzen den lasterketa egutegiko garrantzitsuenetako bat da 23 urtez azpiko txirrindularientzat. Hala emaitza ederra lortu zuen bertokoak.
Frantziako Ronde Isard lasterketan ere, gernikarrak birritan zapaldu zuen podiuma. Hain zuzen, bigarren sailkatu zen bi etapatan. Bestalde, Asturiasko Itzulian eta Ordiziako Klasikan (Gipuzkoa) ere ondo moldatu zen Orbe. Hamaikagarren amaitu zuen Asturiasen eta hamabigarren Ordizian.