Zinemako bost sarrera erosita, seigarrena doan eskuratu daiteke Bermeon
Bermeoko Zinemagaz batera abiarazi du promozio hori Bermeoko Udalak. Dagoeneko martxan da, eta Nestor Basterretxea aretoko bariku eta zapatu gaueko saioak bultzatzea du helburu.
Hain justu, nagusien zinera joaten diren pertsonek txartel bat eskuratuko dute, eta bertan zigilu bat jarriko diote zinera doazen bakoitzean; hala, bost aldiz joanda, seigarren filma dohainik ikusteko gonbidapena jasoko dute nahi dutenean erabiltzeko.
Aipatu promozioak sei hilabeteko iraupena izango duela jakinarazi du Bermeoko Udalak, eta 16 urtetik gorakoek erabili ahalko dute; betiere, bariku eta zapatu gaueko saioetarako. Gainera, txartel horiek ez direla pertsonalak izango azaldu du udalak; alegia, partekatzeko aukera izango du herritarrak.