
Busturialdeko Mankomunitatearen edukiontziak, Muxikan
Hondakinen kudeaketa hobetu nahian, hiru herriek mankomunitatean sartzeko eskaera egina zeukaten, baina aste honetako batzarrean izendatu dituzte kide, modu ofizialean. Hartara, gaur egun zazpi herrik osatzen dute Busturialdeko Mankomunitatea: Arratzuk, Kortezubik, Mendatak, Muxikak, Elantxobek, Gautegiz Arteagak eta Ibarrangeluk. Horien guztien artean, 4.500 biztanleri ematen diete zerbitzua.
2011n sortu zuten Busturialdeko Mankomunitatea Arratzuko, Kortezubiko, Mendatako eta Muxikako udalek, hiri hondakinen gestioan zituzten zailtasunak gainditzeko. Azaldu dutenez, udalei “abantaila kualitatibo eta kuantitatiboak” eskaintzen dizkie mankomunitateak. “Udalentzat Busturialdeko Mankomunitatean sartzearen helburua herrian sortzen diren hondakinen gestioa hobetzea da, banaketaren, berrerabilpenaren eta birziklapenaren ikuspegitik”.
Halaber, batez ere auzo sakabanatuetan zerbitzu hobea ematea dauka helburu; izan ere, “azpiegitura berriak eta era errazagoan kokatutako edukiontzi kopuru gehiago” bermatzen ditu. “Orain arte zabord edukiontzi zaharrak herrietako nukleo nagusietan biltzen ziren. Zerbitzu mankomunatuak baliabideen optimizazioa eta zaborren gestioaren murrizketa suposatzen du”. Diotenez, “Busturialdeko Mankomunitatean sartzeak gestioan, antolaketan eta prestakuntzan ahaleginak konpartitzea eta batzea suposatzen du, hain zuzen ere, hiri hondakinen bilketan, tratamenduan, metaketan eta deuseztapenean oinarrituz”.