Tantaz Tantaren ekitaldia, Gernika-Lumon
Euskal presoen eta iheslarien aldeko Tantaz Tanta mugimendua presoen eta iheslarien aldeko itsaso zabala sortzeko lehen pausoak ematen hasi da, eta ur tanta bihurtzeko deia egin du. Tanten kanpainagaz salto kualitatibo bat irudikatu gura dute, euskal jendarteari hausnarketarako ariketa bat proposatuz.
www.tantaztanta.info webgunean jarri duten Izan zaitez tanta atalean egin daiteke tanta, zenbait galdera erantzunez. Ostean, tanta bihurtu diren pertsona horiek egiaztagiri bat jasoko dute, posta elektroniko bidez. Internet eskuragarri ez dutenek edo tresna hori erabiltzen ez dakitenek ere tanta bihurtzeko aukera izango dute. Hala, herri bakoitzean harreman lanak egingo dituzten Tantaz Tantako kideek hartuko dituzte datuak, gero datu basean sartzeko. “Auzoz auzo eta herriz herri”, mugimendu sendo bat sortzeko lehen pausoak eman nahi dituzte, herrietan laku eta aintzira txikiak sortuz.
Mugimenduko ordezkarien ustez, “orain arte, euskal gizarteak modu desberdinetan irudikatu du presoen eta iheslarien eskubideekiko aldekotasuna”. Espainiak eta Frantziak bertoko preso eta iheslarien eskubideak urratzen dituztela deritzo Euskal Herriak, baina haratago joan nahi du Tantaz Tantak: “Aldekotasunetik aktibazio sozialera”.
Aktibazio sozialaren bitartez, jarritako helburuak bete ditzakegula erakutsi behar diegu Espainiari eta Frantziari”
Azken urteetan, euskal gizarteak urtarrileko manifestazioan islatu du presoen eta iheslarien eskubideekiko aldekotasuna, baina aurrerantzean beste mugarri bat gainditu nahi du mugimendu herrikoiak. “Aktibazio sozialaren bitartez, jarritako helburuak bete ditzakegula erakutsi behar diegu Espainiari eta Frantziari”.
Gakoa, hortaz, norbanakoek egin dezaketen lanean dago. Izan ere, bakoitzak bere eremuan presoen eta iheslarien eskubideen alde egiteko hainbat modu daudela deritzo Tantaz Tantak.
Itsaso zabalaren parte izateko lehen pausoa norbanakoak ur tanta bihurtzea da. Hala, tanta bat zarela adierazteari eman nahi diote garrantzia mugimenduko kideek. “Jakin badakigu presoen eta iheslarien aldeko milaka tanta daudela, baina tanta desberdin horiek botila berdinaren barruan sartu nahi ditugu”. Pertsona bakoitzak egunerokotasunean egin dezakeen lan xume horri garrantzia emanda, itsaso handi bat eratzea da helburua.
Lehenengo ariketa praktikoa urtarrilaren 12ko mobilizazioa izango da. Euskal Herri guztian zehar batutako ur tantek protesta erraldoi batean parte hartuko dute, Bilbon. Aurten, gainera, ez da ohiko protesta izango, bildutakoek ez baitute manifestazio bat egingo. Hain zuzen, Bilboko eremu publikorik zabalena okupatzea izango da mugimenduaren helburua. Hala eginez, presoen eta iheslarien aldeko itsasoak Bilbo hartzen duela irudikatu nahi dute.
Jakin badakigu presoen eta iheslarien aldeko milaka tanta daudela, baina tanta desberdin horiek botila berdinaren barruan sartu nahi ditugu”
Gakoa, aktibazio soziala
Urtarrileko mobilizazioa “lehen mugarria” izango da, Tantaz Tantaren ustez. Hala, ahalik eta jende gehiena batu nahi dute, euskal gizartearen iritzia argi gera dadin.
Mugimenduaren aldarrikapenek arrakasta izateko, hala ere, urtarriletik aurrera ere lanean jarraitzeko deia egin dute. Izan ere, urtarrileko mobilizazioa pasatuta, herrietako errekak geldirik egotea arazo bat izango litzatekeela deritzote Tantaz Tantakoek; urak bere bidea egin dezan nahi dute.
Tantaz Tanta mugimenduaren agerraldia
Nabarmendu dutenez, “urtarriletik aurrera ere, ur tanten inplikazioa oso garrantzitsua izango da”. Mugimenduko ordezkarien ustez, urtean ekitaldi bat antolatzera mugatuz gero, ezinezkoa izango da presoen eta iheslarien aferari irtenbide bat ematea. “Goizetik gauera ez da errealitatea aldatuko”, gogoratu dute.
Helburu orokor eta oso handiak jarri dituztela deritzote mugimenduko kideek, eta, horrenbestez, tanta guztien lana izango da beharrezkoa. “Egunero-egunero, beraien jarreraren aurka gaudela erakutsi behar diegu Espainiari eta Frantziari”.
Tantaz Tantaren ustez, “elkartasuna eta parte hartzea” gakoetako bi izango dira aurrerantzean. Norbanako bakoitzak apur bat emanez gero, presoen eta iheslarien afera irabaz daitekeela uste du.
Egunero-egunero, beraien jarreraren aurka gaudela erakutsi behar diegu Espainiari eta Frantziari”
Mugimenduko kideek diotenez, proiektu berria “begi onez” hartu du euskal jendarteak, ez baitzaio izen edo ideologia bati garrantzia ematen. “Norbanako bezala egin dezakeguna jartzen dugu erdigunean, eta jendea lanerako gogoz dagoela dirudi”, diote, baikor.
Norbanakoen “aktibazioa presoak eta iheslariak etxeratzeko tresna garrantzitsua” izango dela deritzote Tantaz Tantako kideek. “Espetxe politikan aldaketa bat eman dadin, herri presioa egitea erabakiorra izango da”.
Mugimenduko ordezkarien berbetan, jakin ez dakite zulo ilunaren irteera hurbilago edo urrunago dagoen. Hala ere, gizartea gero eta konpromiso gehiago hartzen ari dela uste dute. “Gure neurgailurik egokiena aktibazio maila izango da; euskal jendartea gero eta aktiboago egonda, helburua gertuago egongo dela deritzogu”.