Irudian, Jesus Villalba urpeko argazkilaria
Iturria:
Bizkaiko HITZA
Lurrazalaren %71 ozeanoa da: ura. Lurrean bezala, ur azpian hamaika bizidun eta espezie daude. Gehienetan, telebistan agertzen diren dokumentalek ematen dute horien berri, eta horri esker ezagut daitezke. Arrain txiki koloretsuak, forma bereziak dituztenak, arrezife ikusgarriak eta abar. Baina, oro har, nahiko ezezaguna den mundu bat dago ur azpian, eta Kantauri itsasoko bizitza hori argazki bidez betikotzen aritzen da Jesus Villalba. Horixe da haren zaletasunik handiena. Durangarra da jaiotzez, baina itsasoarekiko duen lotura dela eta, gurasoen herrira itzuli da bueltan: Bermeora, hain zuzen ere. Han topatu du bere basea.
Aitarekin arrantzan aritzen zen txikitan Bermeon. Baina itsasontzitik arrainak harrapatzea baino, horiek ikustea zuen nahiago. Horrela, itsasontzi gainetik ur azpirako jauzia eman zuen gaztetan. 23 urterekin erosi zuen urpeko bere lehen argazki kamera. Lehen urteetan, eguzkiaren lehen izpiak ateratzearekin batera sartzen zen urpera, eta azken izpiekin ateratzen zen lurrera berriz. Kamera hartuta, Kantauri itsasoan barrena dagoen bizitzari argazkiak ateratzen jarraitzen du oraindik ere. 48 urterekin horrela segitzen du, uretara jauzi eginez ahal duen guztietan. Ez du ogibidetzat, baina bai pasiotzat. Aitortu du urpeko argazkilaritzaz bizitzea oso zaila dela: “Material asko behar da, eta ez da batere merkea”.
Uretan sartu eta arrain eta espezieei argazkiak ateratzeko, denbora luzean urpean igeri egiten aritua izan behar da, teknika ezagutzea behar-beharrezkoa baita. Villalba arnasa hartzeko botilekin edo apnea teknikarekin, biekin aritzen da. Baina aukeran, nahiago du bigarrena erabili. Hau da, arnasa eusten den eran egiten du gehienetan. Haren arabera, argazkigintzan aritzeko hobea da. “Arrainei begiratzen dion teknika da”. Botilekin, zarata asko ateratzen da, eta apnea bidez arrainak lasaiago egoten dira, ez dira horrenbeste izutzen. “Gehiago hurbildu zaitezke; hobeto ikusi eta erretratua hobeto geratzen da”. Ez da erraza, baina. Itsas azpian arnasa hartu gabe hamar metro jaisteko, trebetasun handia behar da. “Gorputza erlaxatu, eta gutxi mugitu. Asko ikasi behar da, baina gero automatikoki ateratzen zaizu”. Egun, hiru minutuz irauten du arnasa hartu gabe. Urpeko argazkigintza txapelketa ugaritan parte hartu du Villalbak, eta sariak irabazi ditu Bizkaian, baita Euskal Herri mailan ere. Horrez gain, Espainia mailako txapelketetan ere aritu izan da, eta garaipenik ere lortu du. Horiek guztiak bere lanaren onarpena izateaz gain, teknikoki ideia berriak hartzeko balio dutela aitortu du. Publikazio eta erakusketak ere egin ditu, baina kexu da. Itsas azpian dagoena benetan “aintzat hartu” edo “baloratzen” ote den: “Maiz ez dugu ulertzen telebistan ikusten dena gure itsasoan ere badagoela”.
Kantauriko bizitza
“Kantauri itsasoa zatarra dela esaten dute askok”. Hark ez du hori partekatzen, ordea. “Barrutik zoragarria da”. Kantauriko ur azpietan mundu zabala dagoela jakinarazi du. “Egunero, edo urperatzen zaren aldiro, gauza ezberdinak aurkitzen dituzu”. Gauzak nola aldatzen diren harriduraz bizi du: “Denbora oso gutxian itsas bizitza birsortu egiten da, eta hori zoragarria da”.
Itsaso azpian aritzeko pazientzia handia behar dela dio. “Itsasoak utzi behar dizu urpera joaten”. Itsasoa agintari denez, hura entzun eta errespetatzea aldarrikatu du, baina aitortu du ez dela erraza. Kantauri itsasoak gutxitan erakusten baitu bere baitan gordetzen duen aberastasuna. Oso gorabeheratsua da; “egun txar gehiago ditu onak baino”. Baina horiek aukeratzen ere jakin egin behar da. “Hori da ulertu behar den lehen gauza”. Aitortu du urte osoan lau edo bost egunez soilik izaten dela ur garbia.
Villalbaren esanetan, biologoek adina edo gehiago ezagutzen dute ur azpian dagoen bizitzaren berri: “Etengabe ari gara espezieak ezagutzen eta argazkiak ateratzen”. Horrek ezagutza handia ematen dizu. Gainera, itsasoaren egoeraz ere asko daki: mareak eta urtaroen arabera zein espezie etortzen den Kantaurira, non bilatu behar diren, non ikus daitezkeen eta abar. “Baina asko jakin arren, itsasoak beti harritzen zaitu”. Gauez ere aritu izan da, eta berezia dela dio, arrainak oso baretuta egoten direlako: “Arraina lo egongo balitz bezala egoten da, lasaiago”. Argazkigintzarako agian ez da onena izaten, baina espezie berriak ezagutzeko esperientzia “izugarria” dela adierazi du. Espezie berezien artean,
Ataloa izeneko arraina aipatu du argazkilariak behin eta berriz. Hezur arrainen artean pisutsuena da, eta horien joan-etorriak ikustea du gogoko.
“Urpeko argazkigintzan aritzeko itsasora moldatu behar duzu”. Hori da, Villalbaren ustez, garrantzitsuena. Itsasoa ezagutu eta bertan segurtasunez aritu behar da. “Argazkiak ateratzeko, kalean arituko bazina bezala aritu behar duzu itsaso azpian ere”. Hala ibiltzen da hura; etxean bezala bizi da ur azpian.