
Leire Zuloaga, Luis Aguiran eta Leire Saitua
ELKARRIZKETAREN AURRERAPENA. Leire Zuluaga eta Leire Saitua Kukubedarra Urdaibaiko Emakume Taldeko kideak dira, eta Luis Eguiraun, bestalde, Zinebiko programatzailea da aspalditik. Kukubedarrak eta Zinebik emakumeek zuzendutako film laburren saio bat antolatu dute alkarregaz. Hain zuzen, bost film labur emango dituzte bihar (hilaren 28a), Lizeo Antzokian, 19:00etatik aurrera. Zinema jardunaldiaren helburua emakumeen ahotsa entzunaraztea da.
Zer da biharko (hilaren 28a) antolatu duzuena?
Leire Saitua. Zinebigaz elkarlanean, Kukubedarrak zinema ziklo bat antolatu du. Dagoeneko urte batzuk daramatzagu ZinEMAK saioak antolatzen, baina Lizeokoa berezia izango da.
Leire Zuloaga. Berdintasunaren aldeko pausoak eman diren arren, oraindik ere asko falta da benetako parekidetasun bat lortzeko. Botere, errekurtso zein ondasun aldetik, esaterako, desberdintasun handiak daude. Gizarteko eremu askotan emakumezkoak ikustezinak dira. Hala, zinema saioak helburu nagusi bat dauka: ikustezinak diren emakumeen ahotsa entzunaraztea, pertsona horien lanak ezagutaraziz.
Zergatik aukeratu duzue zinema emakumeen baloreak eta gaitasunak plazaratzeko?
Zuloaga. Esparru guztietan egiten dute lan emakumeek, eta gure ardura da horren berri ematea. Lan hori guztia jendearen aurrera eramatea da gure helburua. Zentzu horretan, zinema beste tresna bat da.
Saitua. Emakume zinemagile horiek erabaki bat hartu behar izan dute, bizitzan aurrerapausoak emateko. Askotan, emakumezkoek lan piloa egiten dute, baina bigarren mailan geratzen dira. Egoera horri buelta ematea eta erabaki guneetan kokatzea eredugarria dela deritzogu, eta horregatik ekarri ditugu bost zinemagileren lanak.
Zer egin behar da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasunak gainditzeko?
Saitua. Galdera potoloa da. Egunerokoan hartzen ditugu erabakietan jarrera aldaketa bat eman behar da gazte, heldu zein nagusien artean. Gizarteak errekonozimendu bat eman behar dio emakumeen lanari.
Gizonezkoen eta emakumezkoen lanak desberdinak al dira?
Eguiran. Zaila da galdera horri erantzutea. Aukeratutako zuzendariek ez dituzte feminismoari buruzko gaiak lantzen, baina sentikortasun handia erakusten dute. Lizeoan emango ditugun bost film laburretan hori ikusteko aukera izango dute zaleek. Lan desberdinen artean, gainera, nazioarteko lehiaketetan saria irabazitako bi ere badaude.