Udalaren kudeaketaren berri emango dute bihar, Bermeon
Bermeoko Udalak herritarrei kudeaketaren barri emateko agerraldia egingo du bihar Nestor Basterretxea 19:30ean hasita. Besteak beste, Udal Gobernuaren kudeaketaren berri emango dutela jakinarazi dute; hala, martxan jarritako proiektuak azaldu eta etorkizunean eginbeharrekoak zehaztuko dituzte Idurre Bideguren Bermeoko alkateak eta Josu Unanue alkateordeak.
Hain justu, Bermeoko Udalaren egoera ekonomikoari buruz ariko dira, eta apirilaren 11n Alde Zaharrean izandako sutea izango dute mintzagai, besteak beste. Gertaera horren aurrean emandako erantzuna zein izan den azalduko dute eta egungo egoeraren berri emango dute.
Udalaren agerraldiaren ostean, Nestor Basterretxean bildutakoek euren iritziak, galderak eta kezkak adierazteko aukera izango dutela azaldu du udalak.
Hitzaldiaren helburua “herritarrek Bermeoko Udalaren egoerari eta kudeaketari buruzko informazio zuzena, gardena eta lehen eskukoa izatea” dela diote, hala, bermeotar guztiak gonbidatu dituzte agerraldian parte hartzera.