
Gaur goizean emandako prentsaurrekoa
Busturialdeko hainbat udalerritako alkateen iritziz, “Gernika-Lumon eskualdeko jarduerentzat lurzoru aproposa” prestatu behar da. EH Bilduk proposatu du Ibarrako industria lurzoruaren %80 (42 hektarea) industria erabilerarako moldatzea. Dioenez, gainontzeko %20 egoera onean dago erabilera hori emateko. “Eskualderako elementu estrategikoa” dela aintzat hartuta, Busturialdeko Industrialdea S.Ari luzatuko diote beren eskaera datorren egueneko (azaroaren 28an) asanblean. “Eskatzen duguna zera da: eremu horretan epe laburrean poligono urbanizatu eta eraberritu bat abian jartzeko beharrezko pausoak eman ditzala, kalitatezko sarbide eta hornikuntzekin”.
52,8 hektarea dauzka Gernika-Lumoko industria eremuak, eta gehiena Ibarran dago, “ondo komunikatuta”. Alabaina, EH Bilduk dioenez, lurzoru eta pabilioi ugari hutsik, zaharkituta edota erabili ahal izateko egokitu beharrean daude, eta, horrenbestez, “erabilera baxua” dauka. “Egoera honek erantzuna behar duela uste dugu, eta ezinbesteko jotzen dugu eremu industrialari bultzada ematea eta biziberritzeko lurzoruaren zatirik handiena egokitzea”.
EH Bilduren iritziz, esku hartze publikoa balego, “poligono urbanizatu eta inguru ordenatua” eskaini ahal izango litzaioke eskualdeari, “kalitatezko sarbideak eta hornikuntzak lituzkeena, prezio eskuragarrian, bigarren sektoreari bultzada sozio-ekonomikoa emango liokeena, eta, aldi berean, lehen sektorearen eta zerbitzuenaren pizgarri izango litzatekeena”. Horrek, dena den, Eraberritze Plan Berezi bat idaztea eskatuko lukeela dio. “Planak industria moderno eta lehiakorra garatzen lagunduko luke, gaur egun ez dauzkan hornikuntza, azpiegitura eta ekipamendu orokorrez horniturik”.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak Gernikako berrikuntza eta enpresen zentroa 3 milioi eurogaz finantzatuko duela ekarri du gogora koalizioak, eta, beraz, Eraberritze Plan Bereziaren beharrizana “agerikoa” dela dio. “lehenengo momentutik gauzak taxuz eta serio egitea proposatzen dugu, Birgaitze Plan baten barruan, ondo kokatuta, ondo lerrotuta, urbanistikoki eta funtzionalki ondo koordinatuta eta azpiegitura guztiak kontuan hartuta. Ondo pentsatutako Erreforma Plan baten barruan jardutea eskatzen dugu, beraz”.