Domekan jokatu zuten partidua
Urbietan, 300 zaleren aurrean. Basurdeek jokatutako
partidurik “ederrena” izan dela esan dute taldekideek. Euriak eta lokatzak jantzi zuen partidua, eta ez zen erraza akatsik barik jokatzea. Baina Peter Borlaseren taldeak ez zuen hutsik egin.

Hasieratik defentsa bikaina eta eraso ikusgarria erabili zuten Bizkaia Gernikako taldekideek. Santboianakoak 13 puntugaz zeuden (partidu bat gutxiagogaz) eta etxekoak 17gaz. Horregatik, argi zegoen partidu garrantzitsua izango zela talde bientzat.
Etxeko taldea markagailuan aurreratzen hasi zen aurrean egiten ari ziren beharrari esker. Nikolarena izan zen lehenengo entsegua; bigarrena, Lasarena. Lasa bezperan beste partidu bat jokatuta zegoen Madrilen (Espainia), Espainiako selekzioagaz, Japongo selekzioaren kontra. Horrela, bata bestearen atzetik puntuak batzen joan ziren basurdeak.
Bigarren zatian, hainbat aldaketa egin zituzten katalanek jokoa hobetzeko asmotan. Baina Bizkaia Gernikakoek joko moldeari eusten jarraitu zuten. Afa Tauli jokalariak Lasari bizkarretik egindako eraso itxuri baten ondorioz, epaileak txartel gorria erakutsi zion. Hor etorri zen katalanen gainbehera. 45garren minutuan, 19-0 markagailuan, Mua Sala jokalariak Afa Tauli falta zela aprobetxatuta bidea libre topatu zuen, eta Magunari erraz laga zion bonusa lortzeko laugarren entsegu baliotsua egitea.
Horrela,
markagailuan 22 puntugaz eta 8. postuan jarri da Gernika Rugbi taldea. Datorren astean derbia jokatuko du Bizkaia Gernikak Ordiziko taldearen kontra.