
Domekako azoka solidarioa
Gernikaldeko elizako Iparralde-Hegoalde misio taldeak antolatuta, bigarren eskuko jostailuen eta liburuen azoka egin zuten domekan Gernika-Lumoko Merkatu plazan. Katekesietako umeek emandako produktuak salduz, 4.192 euro lortu ditu aurten Haurtzaro Solidarioa proiektuak.
Boliviako Cochabamba herrira bideratuko dute batutakoa, hain zuzen, Kristo Jesuseko misiolariek elbarriren bat duten auzo marjinaletako umeei laguntza emateko martxan jarritako proiektu bat laguntzera. Zehaztu dutenez, “lokal bat, errehabilitaziorako tresneria, sendagaiak…” behar dituzte herri hartako umeek.
Azokaz gain, errifaren zozketa ere egin zuten domekan, Merkatu plazan bertan. Zenbaki saritua 3.976a izan dela jakinarazi du Haurtzaro Solidarioak. Bestalde, “jaialdi solidarioan era batera edo bestera parte hartu zuten guztiei eskerrak” eman dizkie.