
Drumm&Cat taldeko kideak
Iñigo Iriondok (ahotsa), Xabier Allikak (bateria), Ibon Allikak (gitarra) eta Endika Uriartek (baxua) osatzen duten taldeak rap metal estiloa dakar eskualdera. Horregaz batera, dena den, reggae, funk, rock, pop eta beste hainbat estilo ere badute euren abestiek sustraietan. Gainera, rap musika normalean gazteleraz entzuten bada ere, euskarazko abestiak ere egiten ditu Gernika-Lumoko eta Bermeoko musikariez osatutako taldeak.
Galzorian dagoen espeziea. Hala deitu diote gazte musikariek euren lehen lanari (
Especie en extincion), eta izen horrekin euren burua identifikatzen dutela ere aitortu dute; murgiltzen diren rap mundu horretan gutxi direlako. Hori horrela, gutxik egiten duten musika eskaintzeko aukera daukate.
Entseatzeko erabili izan ohi duten lokalari erabilpen bikoitza ematen hasiak dira dagoeneko; entseatzeko ez ezik, grabatzeko aukera ere badaukatelako bertan. Hala, «zortea aprobetxatu» egin du taldeak. Beraz, taldeak berak sortu eta ekoiztutako lana da aurki erosi ahalko dena.
Uztailetik irailera grabatzen
Uztailean hasitako grabaketak irailean eman zituzten bukatutzat. Bateria grabatzeaz arduratu ziren lehenengo egunean, eta, hori eginda, baxua, gitarra eta ahotsak grabatu zituzten gerora, hurrenez hurren. Bakoitzak bere tartea izan zuen, «instrumentu bakoitza mundu bat baita». Estudioko lan horiek amaituta, beraz, osteko lanari ekin zioten: edizioa, diseinua… Orain, azken ukituak emanda, kaleratzeko bidean da Drumm&Cat-en lan berria.
Diskoa erosten duenak hamahiru abesti izango ditu entzungai; rap metala oinarri hartuta, hainbat estilo jasotzen dituen bilduma izango du esku artean.
Orain arte, Bermeoko Kapillan zein Kafe Antzokian, Elgoibarren eta Donostiako Amara auzoko jaietan izan dute aukera taula gainera igo eta euren onena emateko. Hemendik aurrera, baina, leku gehiagotan egon nahi du taldeak. Urtarrilaren 11n, momentuz, Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika sozialean izango dira.
Kontzertuak lotzea gaitz
Gaur egun kontzertuak lotzeko gaitz dagoela uste du Drumm&Cat-ek, talde asko dagoela eta horiek ordaintzeko diru gutxi. Hori dela egungo egoera deritzo Busturialdeko musika taldeak. Gainera, kontzertu bat ikusteko unean, publikoa gaur egun batetik bestera gutxiago mugitzen dela uste du.
Gauzak horrela, guztiak zulo batean sartzen direla diote. Zorte kontua izan ohi da sarritan. Taldeak, badaezpada, Espainiako estatuko hainbat lekutan eskaerak eginak ditu, «aukerarik dagoen ikusteko».
Azken finean, musikari «ahalik eta hedapen zabalena» ematea da taldearen asmoa, «inongo mugarik barik». Dena den, uste dute herrietan baino hiriburuetan izan dezakeela taldeak arrakasta handiagoa; oro har, hiriburuetan bizi direlako rap musika entzuten duten gehienak. «Los chicos del maiz talde valentziarrak Habeas Corpus-egaz antzeko lan bat egin du, eta inguru honetan ere arrakasta izan du», azaldu du taldeak.
Iriondok sortzen dituen abestiei dagokionean, «kritiko samarrak» izan ohi direla aitortu du taldeak; tartean, gizarteari zein gobernuari egindako kritikak direla azaldu dute. Hala ere, biziarekiko ikuspuntu pertsonalak edota irudimenaren esku utzitako ideia abstraktoek ere badute bere tokia Drumm&Cat-en abestietan.
Diskoa eskualdean salgai
Letra horiek entzun eta horiei laguntzen dien doinuaz gozatu nahi duenak eskualdeko hainbat tokitan izango du taldearen lehen diskoa erosteko aukera. Taldeak berak azaldu duenez, tabernetan, dendetan eta Bolatoki tabernan izango da salgai Bermeon, eta inguruko herrietara ere zabaltzeko asmoa erakutsi dute. Gernika-Lumon ere salgai jarriko dutela azaldu dute. Halaber, Internet bidez ere diskoa erosteko aukera izango dela aurreratu dute, eta baita euren kontzertuetan ere.
Momentuz, zaletasun bezala ikusten dutena etorkizunean «zerbait gehiago» izango balitz, begi onez ikusiko luke taldeak; betiere, eurek nahi dutena egiten badute. Bitartean, orain arte bezala, asteroko hitzorduan batuko da eskualdeko taldea, Bermeon duen lokalean. Bertan entseatzen jarraituko dute, oholtza gainean euren onena ematen jarraitu ahal izateko.