
Iazko azoka solidarioa
Bereziki solidarioak izatera bultzatu ohi dute Gabonek, eta urteko sasoi horren bezperan egonik, hasi dira elkartasunez bustitako jarduerak ugaltzen. Garaion ezaugarri nagusietako bat «kontsumismo zoroa» dela iritzio dio Gernikaldeko elizako Iparralde-Hegoalde misio taldeak, eta horren inguruko hausnarketa egitea beharrezkoa dela nabarmendu. Hari horretatik, katekesietako umeekin elkartasunaren balorea sustatzeko proiektua dauka esku artean.
Bide horretan, jada zortzi urte joan dira Haurtzaro Solidarioaren bitartez bigarren eskuko liburu eta jostailu azoka lehenengoz antolatu zuenetik. Katekesietako umeek emandako jostailuak eta liburuak salduz, 2005etik orain arte 37.575 euro bildu izan ditu, baina kopuru hori areagotu agin daiteke domekan, orduan izango da-eta aurtengo hitzordua. 11:00etatik 14:00etara, Merkatu plazan egongo da nork bere harri koxkorra jartzeko aukera.
Boliviara bideratuko dute ondoren batutakoa, Cochabambara, Kristo Jesuseko misiolariek hango auzo marjinaletako ume elbarrituak laguntzeko martxan jarritako proiektua laguntzeko baliatuko baitute dirua. «Kasu gehienetan, familiak adobez egindako etxeetan bizi dira, lurrezko zoruarekin eta gela bakarrean, janaria eta ura luxutzat hartzen dituztelarik. Egoera horri familiako baten elbarritasunen bat gehituz gero, egoera jasanezina bihurtzen da». Zehaztu dutenez, Boliviako gizarteak ez dauka gaia barneratuta, eta «kasu batzuetan, gurasoek elbarritasunak dituzten seme-alabak ez dituzte etxetik ateratzen, lotsa dela eta».
Egoera kontuan hartuta, elbarriren bat duten 40-50 umeri laguntza emateko proiektu bat daukate martxan aipatutako misiolariek, baina proiektua aurrera atera ahal izateko baliabide ezbardinak behar dituzte: «Lokal bat, errehabilitaziorako tresneria, sendagaiak, behar bezalako arreta eskaini ahal izateko etxeetara joateko garraiobideak…
Hortaz, elkartasuna keinu bat egiteko eta ekarpenak egiteko deia egin du Iparralde-Hegoalde misio taldeak. Dioenez, «ezinbestekoa da umeei nahiz gurasoei baliabideen banaketan desoreka bat dagoela ikustaraztea». Hori horrela, «modu aktiboan inplikatu» beharra dagoela uste du, datorren domekakoa horretarako hitzordu aproposa dela nabarmenduz.
- Non. Gernika-Lumoko Merkatu plazan.
- Noiz. Domekan, 10:00etatik 14:00etara. 11:30ean meza egongo da San Bartolomen (Errenteria auzoa) eta 13:00etan errifaren zozketa egingo dute.
- Antolatzailea. Gernikaldeko elizako Iparralde-Hegoalde misio taldea.