
Egunotarako mobilizazioen berri eman du Jone Amezagari babesa adierazteko Busturialdeko eta inguruetako herritarrek sortu duten
Jone Libre plataformak. Amezagak hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra jaso zuen, pankarta bat jartzea leporatuta. Hala, barikutik hilaren 30era bitartean antolatutako mobilizazioekin elkartasuna aderazi nahi diote Errigoitiko herritarrari.
Bestalde, Espainiar gobernuaren jarrera aldaketa bat aldarrikatzeko guneak ere izango dira mobilizazioak. Epaiketa politikoei amaiera ematea eta Amezaga absolbitzea eskatuko dute protestetan bildutakoek.
Mobilizazioak asanblada ireki bategaz hasiko dira, barikuan, 18:00etan. Hain zuzen, Astran elkartuko dira bertoko herritarrak. Zapatuan, bestalde,
Jone Librek giza katea egingo du, Merkuriotik Saraspera. Pintxopotea ospatzen dabiltzala baliatuta, 19:30ean hasiko da protesta.
Protesta saioek astelehenean izango dute jarraipena. Hain zuzen, informazio gune bat jarriko dute merkatu plazan. Hala, bertoko herritarrei Amezagaren egoeraren berri ematea izango da helburua.
Amaitzeko, hilaren 30ean egun osoko mobilizazioa iragarri du plataformak. Momentuz ez dute egitarau guztia zehaztu, baina manifestazio bat egingo dute, besteak beste. 19:00etan hasiko da manifestaldia.
Busturian elkarretaratzea
Busturian, bestalde, elkarretaratze bat egingo dute hilaren 29an. Hain zuzen, 20:00etan batuko dira busturiarrak.