Gazte politikak bultzatzeko lankidetza-hitzarmena sinatuko du aldundiak Lea-Artibai eta Busturialdeagaz
‘Gaztedi Bizkaia’ proiektuaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak 69 udal eta 3 mankomunitatekin lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu, gazteen autonomia, lurraldearen arloko oreka eta gizarte kohesioa eta konpromisoa bermatze aldera; besteak beste, Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeekin sinatuko du aipatu hitzarmena. Hitzarmen horien bitartez, gazteentzako jarduketa koordinatu eta bateratuak egn nahi ditu enpleguari, mugikortasunari, balioen sustapenari eta parte-hartzeari dagokionean.
Izan ere, “gazteei arreta berezia eskaintzea” da bai Bizkaiko Foru Aldundiaren eta baita udal zein mankomunitateen helburuetako bat; “ezaugarri eta beharrizan bereziak dituen talde bat izanda, zeharkako irizpideak erabiliz politika integralen helburu izan behar duela” uste baitute. Hori horrela, gaia ikuspuntu orokor batetik lantzea ezinbestekotzat ikusten dute; “gazteen bizitzako eremu guztiak elkarren artean lotuta”: prestakuntza, lana, etxebizitza, nortasuna, hizkuntza, parte-hartzea, lurraldearen arloko oreka, gizarte kohesioa eta konpromisoa, garapen komunitarioa eta garapen iraunkorra, ingurumena eta mugikortasuna.
Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiak Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Ezkerraldea, Lea-Artibai, Meatzaldea, Nerbioi-Ibaizabal eta Txorierri eskualdeetako toki-erakundeekin (70 udal eta 3 mankomunitate) sinatuko ditu lankidetza-hitzarmenok, eta horien bitartez, Bizkaiko 82.402 gaztentzako 120 jarduketa egingo direla jakinarazi dute. Aurrekontua, guztira, 1.601.320 eurokoa izango dela gaineratu dute, eta kopuru horren % 64,83a (1.038.079 euro) Foru Aldundiak berak finantzatuko duela nabarmendu dute.