Enpresa berriak sortu nahi dituzten ekintzaileei zuzendutako diru laguntzak dira egoitza Gernika-Lumon duen Lanbide zentroak eta Bermeoaldeko Behargintzak emango dituzenak. Bi motatako laguntzak izango direla zehaztu dute. Batetik, enpresa ideia bat dutenei zuzenduta daudenak leudeke, eta, bestetik, bideragarritasun txostena eduki eta enpresa gauzatzen dutenei zuzendutakoak.

Bermeoaldeko Behargintza Merkatu plazan dago.
Enpresa ideia bat dutenen kasuan, aholkularitza zerbitzua emango die Lanbide Ekimenak Zentroak eta Bermeoaldeko Behargintzak, “ideia hori egokia den edo ez aztertzeko”. Azterketa hori egiten den epean, diru laguntza bat izango dute ekintzaileek; Behargintzak azaldu duenez, gehienez, 1.500 eurokoa. Bestalde, enpresa gauzatzen dutenen kasuan, proiektua martxan jartzeko laguntza jasoko dute, eta, bestean bezala, prozesu horretan zehar diru laguntza edukiko dute; kasu honetan ere, gehienez, 1.500 eurokoa, Bermeoaldeko Behargintzaren arabera.
Hala ere, ezinbestekoa izango da ekintzaileek zenbait baldintza betetzea. Adibidez, diru laguntza eskatzen dutenak langabezian egon behar dira, eta Lanbiden izena emanda. Horrez gain, aukeraketa prozesu bat gainditu beharko dute.
Diru laguntza hori jasotzeko eskaera egin nahi dutenek Lanbide Ekimenak Zentroaren bulegora (Alhondiga kalea 6, Gernika-Lumo. Telefonoa:94-625 57 58) edota Bermeoaldeko Behargintzaren bulegora (Zubiaur tar kepa 26 – 28, 1º Solairua, Merkatuko plaza, Bermeo. Telefonoa: 94 617 91 90) jo beharko dute. Bermeoaldeko Behargintzaren kasuan, eskaerak aurkezteko epea azaroaren 27an amaituko da.