
Elantxobeko kapera
Ekainean jarri zuen Elantxobeko Udalak martxan kanposantuko kapera konpondu ahal izateko diru bilketa, eta herritarren ondo baino hobeto erantzun dute. Udalak azaldu duenez, “jende askok parte hartu du eta herrian bizi direnen nahiz herritik kanpo bizi diren elantxobetarren ekarpenak ugariak izan dira”. Hain zuzen, azarora bitartean 7.000 euro batu ditu udalak kanpainagaz, eta, horrenbestez, eskerrak eman nahi izan dizkie elantxobetarrei.
Izan ere, herritarreu eurei esker izan da posible azaroaren 1erako, domu santu egunerako, kapera konpondu ahal izatea, “dena txukun-txukun” izatea. Udalak zehaztu duenez, obra guztiak egiteko beste izan dute 7.000 euroekin. Besteak beste, leihoak aldatu dituzte, barruan nahiz kanpoan konponketak egin eta margotu egin dute. Elantxobetarrok, denok batera eta alderdikeriarik gabe, kapera konpontzea lortu dogu. Hauxe da bidea. Mila esker danori!”, esan du udalak.