
Gernika-Lumoko udal liburutegira doazenek Boliviako kulturara hurbiltzeko aukera izango dute, hilaren 22a arte. Hain zuzen, erakusketa bat jarri dute liburutegian bertan. Besteak beste, Boliviako liburuak, pelikulak, musika diskak, arropak eta zenbait lanabes ikusteko aukera emango du.
Erakusketaz gain, baina, Boliviako kultura ezagutzeko bi saio berezi egingo dituzte liburutegian. Bihar (hilaren 20a), esaterako, Gernika-Lumon bizi diren boliviarren bizipenak ezagutzeko aukera izango dute interesatuek. 19:00etan, berriz, Iciar Bollainen
Tambien la lluvia pelikula proiektatuko dute Elai Alai aretoan.
Barikuan (hilaren22a), bestalde, bi jarduera desberdin antolatu dituzte liburutegiko beharginek. Alde batetik, Boliviako ipuinek eta kondairek bereganatuko dute arreta. Erderaz kontatuko dituzte ipuinak, liburutegian, 18:00etatik aurrera.
19:00etan, berriz, Boliviako dantza ikuskizun bategaz eta Amerikako lurralde horretako jakien dastaketa bategaz gozatzeko aukera izango dute Foru Plazan batzen direnek.