
Gaurko aurkezpeneko irudia
Gernika Off Road taldeak egindako lanari esker, 2104ko Dakar lasterketan lehiatzeko aukera izango du Txomin Arana ereñarrak. Gaur goizean egin du lasterketara eramango duen taldearen aurkezpena, Bilbon.
2014an ere, seigarrenez, Hego Amerikan jokatuko da lasterketa. Hala, besteak beste, Andeetako mendikateari eta Atacama basamortuari aurre egin beharko die ereñarrak. Urtarrilaren 5ean ekingo dio lasterketari, eta, ezbeharrik izan ezean, urtarrilaren 18an amaituko du proba. Tartean, “egoera eta baldintza oso gogorrak” igaroko ditu Argentina, Txile eta Boliviako lurretan.
“Urduri” dagoela aitortu arren, lasterketa hasteko irrikan dago ereñarra, “bizitzan behin” sor daitekeelako horrelako aukera bat. “Moto gidari guztion ametsa da Dakarren behin bada ere lehiatzea, eta zer gerta daitekeen jakin barik noa”, esan du. “Pribilegiatu bat” dela deritzo, eta “pozarren” dagoela gaineratu du.
Esperientzia berria izango da rallya, inoiz ere ez baita lehiatu horren proba gogor batean. Hala, ez daki zeri aurre egin beharko dion urtarrilaren 5ean hasiko den lasterketan. Jakin badaki etapa ikaragarri luzeak eta gogorrak izango direla, eta motorrek zein gidariek asko sufrituko dutela deritzo. “Egunean hamabi ordu inguru egingo ditugu motor gainean. Hortaz, jateko zein lo egiteko denbora gutxi izango dut”.

Gaurko aurkezpena
Arazo mekanikorik ez izatea oso zaila izango den arren, motorragaz arazo larririk ez izatea espero du. Enduro motor bat eramango du, baita ordezko bat ere. Enduro motorrak pisutsuagoak dira berez, eta Dakar rallyan erabiltzen direnak are pisutsuagoak dira. “Besteak beste, 32 litroko bi erregai tanga eramango ditut, normalean baino 60 kilo inguru gehiago”.
Arlo fisikoari dagokionez ez ezik, psikologikoki ere lasterketa oso gogorra izango da, gidariaren ustez, ez baitago ohituta horren lasterketa luzeetan lehiatzera. Neke psikologikoari aurre egitea ere ez da erraza izango. “Irteeran eta beste egunen batean zenbait lagun izango dira lasterketa jarraitzen, baina kilometro gehienak bakarrik egingo ditut. Hortaz, buruari bueltak emateko denbora asko izango dut”.
Bestalde, ereñarrari laguntzeko zozketa bat jarri dute abian. Abenduaren 22ko Espainiako loteriaren lehenengo sariaren azken lau zenbakiak izango dituzte kontuan, saria emateko. Irabazleak zenbait boluntariok emandako produktuez osatutako kaxa bat eskuratuko du.