Gabonak hurreratzen ari direla eta, bilketa solidarioak abiaraziko dituzte eskualdean. Busturian kokatuta dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentro-Madariaga Dorretxeak, esaterako, joan den zapatuan jarri zuen martxan bilketa, eta urtarrilaren 2a bitartean, erabilitako erropa, jostailuak eta elikagai iraunkorrak batuko dituzte zentroan bertan. Bermeon, bestalde, azaroaren 30ean batuko dituzte erropa zein elikagaiak herriko Izaro Bikers eta Kate Sarea elkarteek.
Oraingoan ere, Madariaga Dorretxearen asmoa «kolektibo behardunekiko solidaritatea adieraztea eta batzuentzat jada erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea da».
Hala, zentroan jasotzen dituzten elikagaiak Bizkaiko Elikagaien Bankuak kudeatuko dituela jakinarazi dute, “beharrizanak dituzten erakunde ezberdinetan banatzeko”.
Erabilitako arropen eta gainontzeko jostailuez, bestalde, irabazi-asmorik bako Rezikleta-Koopera elkartea arduratuko da. Zentroak azaldu duenez, «elkarte horrek edozein motatako gizarte bazterketa pairatzen duten perrsona eta kolektiboen gizarteratzea sustatzea du helburu; betiere, ingurumenaren defentsaren alde eginez».
Bilketa solidario horren inguruko informazio gehiago nahi duenak 94 687 04 02 telefono zenbakira deitu edota
info@torremadariaga.org helbidera mezua bidali beharko du.
Bilketa solidarioa Bermeon, azaroaren 30ean
Aurreko urteetan bezala, Bermeon ere egingo dute bilketa solidarioa. Hain zuzen, azaroaren 30ean egingo dute eta Izaro Bikers elkarteak ez ezik, Kate Sarea Elkarteak ere egingo du bat egoera onean dauden jostailuak eta oinarrizko elikagaiak (esnea, olioa, azukrea, kakaoa, galletak, egoskariak…) batzeko kanpainagaz.
“Egoera latzak bizi dituzten familietako haurrak jostailu barik geratzea” ekidin gura dute aipatu bi elkarteek, eta, horregatik, eta familien oinarrizko elikatze beharrizanak asetzeko egingo dute bilketa solidarioa. Hala, urtero bilketa egitea da elkarte bi horien asmoa.
Beharrizana duten familien artean elikagaiak eta arropa banatzeko sortu zen Kate Sarea Elkartea Bermeon; beraz, “herrian familia askok bizi duten egoeraz jabe da”. Otsailetik ekainera bitartean, esaterako, 304 pertsonei banatu zizkien arropa zein janaria, eta horietatik 204 bermeotarrak zirela nabarmendu du elkarteak. Are gehiago, beharrizana duten familia horien kopurua etengabe goraka doala aitortu dute.
.