
Arratzuko Udala Hiri Antolaketarako Plan Orokorra
(HAPO) berritzen ari da, eta planean,
jasangarritasuna irizpide moduan erabiliko dute. Horrela, ikerketa batean oinarrituta, ingurugiroan egiten den interbentzio bakoitzean integratu egingo da jasangarritasuna.
Ikerketa horretan parte hartu du Oihana Arrutik. Lehengo astean, Arruti Arratzun egon zen herritarren aurrean HAPOrako proposamenak aurkeztu eta zalantzak argitzen.
Herritar ugari batu zen hitzaldian, eta galdera eta erantzun interesgarriak plazaratu ziren.
Arrutik aurkezpenean esan zuzenez, Arratzu
Urdaibako Biosfera Erreserban egoteak jasangarritasunean oinarritutako plangintza egitea eskatzen du, herrian dagoen espazio babestua kontuan hartuz. “Azken urteetan hirigintzan erabili ez diren oinarrizko irizpideak daude, eta bizi dugun egoera sozialek, ekonomikoek eta ingurugirokoek aukera paregabea eskaintzen dute irizpide jasangarri horiek aplikatzeko”, azaldu du Arrutik. “Aukera bat baino, betebeharra izan beharko litzateke gainera, inguruko baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatuz eta hiri-lurraren ordenazioa sustatuz”, gaineratu du.
HAPOrako egin diren proposamenak
herritarrek beraiek detektatutako beharrizanei erantzuten dietela esan dute udaletik. “Helburua bizitza kalitate hobea lortzea da, egingo diren eraikinak zentzu guztietan ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen”, esan dute.
HAPOan jasangarritasuna irizpide moduan hartzean,
hainbat helburu zehaztu dituzte herrirako. Hurrengoak dira batzuk:
-Tamaina handiko espazio askeen eratzea aisialdi kolektiboa bermatzeko.
-Erosotasun maila altuko kanpo espazio publikoak (termikoak, akustikoak eta irisgarritasunekoak).
-Herriko plaza oinezkoentzako jartzea, aparkatzeko aukerarik barik.
-Eraikin erresidentzialen ezartzea ingurugiro baldintzak aprobetxatuz (eguzkia, haizea).
-Eraikinen eguzkirik ez edukitzea ekidin, orientazioa eta kokapena kontuan hartu altuera kontuan hartuta.
-Golako ibaiaren ertza berreskuratu, bertako landaretzagaz.
-Hosto iraunkorreko zuhaitz moten analisia egin, uda eta negurako estrategia desberdinekin.
-Bertako landaretza sustatu.
-Biodibertsitatea bultzatu.
-Azpiegitura berriak minimizatu orain daudenen eraginkortasuna areagotuz. Eraikin berriak horietan ezarri, gastuak murrizteko eta azalera aprobetxatzeko.
-Estalitako espazio publiko bat sortu.
Arratzuko Udala
HAPOaren zuzenketa eta alegazioen onarpen fasean dago momentu honetan.