Bermeo atzean utzita, Asiako hego ekialderantz abiatu zen Manex Duo Larrauri (1985, Bermeo) 2012ko urrian. Zortzi hilabete eta erdi beranduago bueltan zen bere sorterrian. Orain, bidaia hori hizpide, berbaldi bi emango ditu bermeotar gazteak bere herrian. Berbalagunen eskutik eskainiko du lehena barikuan 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean, eta Herriko tabernan bigarrena, hilaren 21ean 20:00etan.
Berbalagunkideen aurrean ariko zara barikuan zure bidaiaz. Zer kontatuko diezue?
Taldekoen euskara perfila kontuan hartuta arko naiz hizketan. Ezagutu ditudan hamar herrialdeen gainean ariko naiz; bertako egoera eta nire esperientzia azalduko ditut. Euskararen mintzapraktika egitea da Berbalagunkideen helburua; beraz, hori kontuan hartuta emango dut hitzaldia, euren erritmora egokituz. 45 minutu ingururako aurkezpena dut prestatuta, baina bertaratutakoek aukera izango dute parte hartzeko; beraz, luzatu egingo da seguraski. Ez dut uste nire bidaia kontatzea dela interesgarria, baizik eta nire hitzaldiari esker eurek solasaldi batean parte hartzeko aukera izatea, euskara praktikatuz. Azken finean, nire bidaia aitzakia hartuta, nolabaiteko solasaldi edo kalaka bat egitea da helburua.
Bermeoko herriko tabernan ere emango duzu hitzaldia.
Herriko jendearentzako izango dela kontuan hartuta, hitzaldi landuagoa izango da eta denbora luzeagoan ariko naiz; izan ere, hamar herrialdetan bizi izandako guztia laburtzea oso zaila da, esperientzia asko baitira.
Zeintzuk dira ezagutu dituzun herrialde horiek?
Asiako hegoekialde guztia bisitatu dut, ekialdeko Timor izan ezik; alegia, Thailandian, Kanbodian, Laosen, Vietnamen, Malaysian, Singapurren, Myanmarren, Brunein, Indonesian eta Filipinetan izan naiz.
Zelako esperientzia bizi izan duzu?
Esperientzia ederra izan da, hemengoa baina hobea. Motxila hartunda bidaiatzeko zirrara izan dut betidanik, baina inoiz ez dut aurkitu horretarako momentua, ezta lurraldea ere. 2001n Thailandian izan nintzen hilebetez, eta orduan konturatu nintzen Asia izen litekeela aukera bat.
Zein helburugaz abiatu zinen?
Arlo pertsonalari dagokionean, errealitatetik deskonektatu nahi nuen. Horrez gain, herrialde ezberdinetako kultura, erlijioa, bizimodua, ohiturak,egunerokotasuna… ezagutu nahi nituen; azken finean, beste mundu bat ezagutu nahi nuen. Hala egin dut, herrialde batzuetan beste batzuetan baino errazago.
Euskal Herriagaz loturarik ahal du Asiak?
Geografikoki Laos bezalako herriek Euskal Herria gogora ekartzen dizuten arren, Asiak ez du zerikusirik ez Euskal Herriagaz, ez eta Europagaz ere. Myanmarren egon nintzenean, esaterako, ohartu nintzen bertako egoera politikoa oso bortitza dela. Halaber, bertan nengoela konturatu nintzen baita herrialde bat beste batzuengantik zein menpekoa den. Ez dira gai ezer bertan produzitzeko; horregatik, lehenengo sektoretik bizi dira, eta bigarren sekoreko gauza guztiak Txinatik ekartzen dituzte. Hala konturatu nintzen Euskal Herria biharko egunean aske izan behar bada, zer den ez litzatekeena egin beharko.
Bidaia burututa, zer ondorioztatzen duzu?
Gauza on eta txarrak bizi izan ditut, eta guztietatik ikasi dut. Alde batetik, bizitzeko ikuspegia aldatu daitekeela konturatu naiz; alegia, beste era batera bizi daitekeela ikusi dut, nahiz eta askotan sistemaren arabera biziko garela jakin. Modu batera edo bestera, norbere esku dago bizi erritmo eta estilo bat eroatea; gu, adibidez, ohituta gaude sistema estresagarri eta kontsumitzaile baten arabera bizitzera, baina badaude beste modu batzuk ere, nahiz eta sistema barru horretan bizi. Bizitzako gauzak beste era batera ulertzea, jendearenganako harremana ezberdina izatea (onerako) … hori guztia eta gehiago ikusi ahal izan dut Asian. Herrialde askogaz alderatuz gero, bizimodu latza daukagun arren, zortea dugu hemen bizitzeaz.