Beste urte batez, San Pedro kofradia osatzen zuten arrantzaleen omenez ospatuko dute Santa Katalina eguna hilaren 25ean Mundakan; dena den, egun horren harira, beste hainbat ere aprobetxatuko dituzte jai giroan murgiltzeko. Domekan hasiko dituzte ospakizunak kostaldeko herri horretan, eta hilaren 25ean bukatuko dituzte.

Hain zuzen, mendi martxagaz emango diete hasiera mundakarrek Santa Katalina jaiei domekan 08:00etan. Ibilbide luzearen (25 kilometro inguru) edota laburraren (10 bat kilometro) artean hautatzeko aukera izango du herritarrak. Luzea aukeratzen duenak honako ibilbidea izango du aurretik: Mundaka-Katillotxu-San Bartalome- Altamira-Forua-Murueta-San Kristobal-Axpe- Sukarrieta-Mundaka. Luzea aukeratzen duenak, ostera, honakoa: Mundaka-Katillotxu-San Bartolome-Axpe–Sukarieta-Mundaka. Bata zein bestea egiteko, Mundakako Isla Kale kiroldegian egon beharko du irteera orduan.
Bakailao txapelketan izena emaa, azaroaren 17ra arte
Hilaren 23a, zapatua, izango da egun handia; izan ere, «txokoen parte hartzea eta kaleko giroa bultzatu nahian», XXIX. Bakailao txapelketa hartuko du Mundakak egun horretan. «Kanpotar asko biltzen dituen jai» hori 10:00etan hasiko dute eta 13:00etan aurkeztu beharko dituzte kazolak. Sari banaketa, berriz, kazola guztiak aurkeztu eta dastatu ostean egingo dute.
Parte hartzaileek makailaoa, olioa eta gatza erabilita, ohiko moduan prestatu beharko dute kazola, epaimahaiak zaporea eta aurkezpena puntuatuko dituelarik. Mundakako Udalak azaldu duenez, “txokoek, taldeek zein norbanakoek” aurkeztu ahal izango dituzte kazolak; hala ere, gehienez, sukaldari bik parte hartu ahal izango dute.
Parte hartu nahi dutenek, azaroaren 17a izango dute izena emateko azken eguna, eta hori Turismo Bulegoan egin beharko dute.Zapatuan bertan, gainera, Xaibor disko festagaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
Santa Katalina egunean, bestalde, umeentzako jolasak, meza eta Gazte Zar dantza taldearen aurreskua izango dira nagusi herrian.