Buztinarte egitasmoaren barruan,
Busturiako zeramika: atzokoa eta oraingoa erakusketa jarri dute ikusgai Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Hain zuzen, hilaren 23a arte bisita daiteke Marijose Dapousa, Maria Luisa Urrestarazu eta Gema Uriarte gernikarren zeramika lanak. Horrez gain, bestalde, Neolito garaian, Foruako erromatarren egonlekuan, eta Busturiako San Mames lantegian egindako lanak ere izango dira ikusgai.
Erakusketak lau atal dauzka. Lehenengoan, Neolito aroko zenbait zeramika lan ikusteko aukera izango dute erkusketara doazenek. Bilboko Arkeologia Museoak utzitako bideo bat, eta Urdaibaiko egonlekuetan aurkitutako zeramika hondakinak aurkitu daitezke lehen atalean.
Bigarrenean, bestalde, Foruko egonleku erromatarrean aurkitutako zeramika hondakinek hartuko dute protagonismoa. Jatorrizko lanen argazkiak, eta Gernika-Lumoko zeramikagileek egindako kopiak daude erakusgai.
Hirugarren atalera heltzean, bisitariek aurrera salto handi bat emango dute denboran. Hain zuzen, Busturiko San Mames lantegian egindako lanek osatzen dute atal hori. Busturiko fabrikak hainbat zeramika pieza ekoiztu zituen 1841 eta 1860 urteen artean. Garaiko burgesiari zuzendutako zeramika lanak dira, eta, horrenbestez kalitate onekoak eta politak dira. Carlos Atxirika Txirapozu jaunak erakusketarako utzitako lanak jarri dituzte ikusgai. Lantegiaren sortzaileetako baten oinordekoa da Txirapozu.
Azken atalean, gaur egungo zeramikagintza ezagutzeko aukera izango dute erakusketa ikustera doazenek.