
Surflari bat, joan den barikuan
Mundakako Surf Taldeak antolatuta, II. Surf Topaketak egin dituzte asteburuan kirol horrekin estu lotutako Busturialdeko herrian. Hala, barikuan eta zapatuan ezker olatu famatuaren gainean gozatua hartuta aritu dira 50 bat surflari. Izan ere, azken urteetan ikusi izan ez diren olatuak hartzeko aukera eduki dute. Azaldu dutenez, 2 metro eta 2,5 metro arteko olauak izan zituzten barikuan, eta 3 metrora artekoak zapatuan.
Topaketetan parte hartu dutenen artean mundakarrak, Busturialdeko beste herri batzuetakoak, brasildarrak, australiarrak eta beste toki batzuetako bizilagunak izan direla zehaztu dute. Bateko zein besteko jatorria eduki, surflari guztien helburua “ondo pasatzea eta surfaz gozatzea” izan da.
Topaketak “ondo joan” direla eta, hirugarren batzuk antolatzeko gogotsu daude Mundaka Surf Taldeko kideak. Aurreratu dutenez, udaberria orduko egin ditzakete hurrengoak.