Lanbidez argazkilariak ez diren herritarrentzat antolatu du hirugarrenez Muxikako Udaleko kultura sailak Argazki rally digitala. Bertan parte hartu nahi duenak egunean bertan eman beharko du izena Zubieta Errotan, 09:00etatik 09:30era.

Muxikarren artean Fernando Pereak atera zuen argazki hoberena iaz.
Domekan, beraz, parte hartzaileek izena eman ostean, hasiko dute rallya, eta, horregaz batera, jarriko dituzte gaiak ere. Izan ere, aurkeztu beharreko argazkiek egunean bertan emandako gaiari buruzkoak izan beharko dute, eta, gainera, domekan zehar atera beharko dituzte herrian bertan. Argazkilari bakoitzak sei argazki aurkeztu beharko ditu; betiere, JPG formatuan. Horretarako, kamera digitala eta tarjeta hutsa eroan beharko ditu parte hartzaileak.
Argazki horiek aterata, horien aurkezpena egingo dute, 18:00etatik 18:30era. Irabazleen izenak jakiteko, baina, azaroaren 22ra arte itxaron beharko dute, bertan egunean 19:00etan egingo baitute sari banaketa Zubieta Errota eraikinean. Bestalde, argazki horiek guztiak bilduko dituen erakusketa bat jarriko dute ikusgai Zubieta Errotan.
Sariak:
–
Rallyko argazki onenarentzat: Bazkaria edo afaria bi lagunentzako Muxikako jatetxe batean.
–
Rally bilduma onenarentzat: Bazkaria edo afaria bi lagunentzako Muxikako jatetxe batean.
–
Gaztetxoen mailako argazki onenarentzat: 60 euroko txartela argazkilaritzako materialetan.
–
Argazkilari muxikarraren argazki onenarentzat: Bazkaria edo afaria bi lagunentzako Muxikako jatetxe batean.