
Gernika-Lumoko Euskara Zerbitzuak euskararen aldeko pausoak ematen jarraitu nahi du; eta, horretarako, zenbait aldaketa egingo ditu hitzarmengintza kanpainan. Euskara zerbitzuaren helburu nagusia “oraindik ere kanpainagaz bat egin ez duten eragileek hitzarmena sinatzea da”. Hala gertatuz gero, Gernika-Lumoko herriko ostalarien, merkatarien, tabernarien, enpresen, eta elkarteen artean euskara sendotzen jarraitzeko aukera izango luketela azaldu dute udal zerbitzuko kideek.
Alde batetik, kanpainaren izena eta logoa aldatu dituzte, hitzarmengintzan egingo dituzten aldaketak irudikatzeko. Aro berri bat hasiko dutela argudiatuta, irudi aldaketa egitea ere ezinbestekoa zela deritzo euskara zerbitzuak.
Geure berbie euskeraz izena izatetik
Hitzargune izena izatera pasa da kanpaina.
Hitzarmengintza kanpainaren beste erronka nagusietako bat, udal zerbitzuaren eta herriko eragilen arteko komunikazioa hobetzea da. Izan ere, kanpainak harrera ona izan arren, zenbait eragilek ez daukate euskara zerbitzuak eskaintzen dituen zerbitzuen berri. Eragile gehiago batzeko zuzeneko harremanak eta sare sozialak erabiliko dituzte.
Bestalde, sektorekako lan taldeak sortzea, eta merkatarien eta bezeroen artean lan taldeak sortzea ere lortu nahi du euskara zerbitzuak, gabeziak eta onurak identifikatzeko.
Aldaketa horiek ezartzen hasteko, bertoko eragileen artean zenbait inkesta egin dituzte dagoeneko. Hain zuzen, merkatari eta ostalariekin hasi dira lanean, esparru horrek baititu gabezia handienak. Hain zuzen, 190 inkesta egin dituzte, orain arte egindako lanaren balorazioa jasoz, eta etorkizuneko erronkak zehaztuz. 2014ko hasieran, berriz, enpresekin batzea aurreikusten dute, eta, horren ostean, elkarteekin bilduko dira.
Hitzarmengintza kanpaina 1.993an hasi zuten, merkatariak eta ostalariak batuz. 2.001ean eta 2.004ean, bestalde, enpresak eta elkarteak gehitu ziren proiektura. 2007an arlo guztiakegitasmo berdinaren barruan sartu zituzten, gaur egungo hitzarmengitza kanpainari hasiera emanez. Gaur egun, 142 merkatarik eta ostalarik, 56 elkartek eta 50 enpresak parte hartzen dute kanpainan.
Euskara zerbitzukoek azaldu dutenez, ia egunero jasotzen dituzte eskaerak. Hala, herriko euskararen osasuna egunetik egunera hobetzen doala deritzote, apurka-apurka bada ere. “1975ean ere, inork ere ezin zuen imaginatu bertoko ikastetxeetan D eredua bakarrik izango zela”. Hala, lanean jarraitzeko gogotsu azaldu dira.