
Gautegiz Arteagako zeharbidea
Ibilgailuen abiadura kontrolatzeko erronka aspaldikoa da Gautegiz Arteagako Udalarentzat, baina arazoari irtenbide bat emateko aukera gertuago dauka orain, ibilgailuen abiadura moteltzea helburu daukan proiektuari onespena eman baitio osoko bilkurak. Tramite hori eginda, BI-2238 errepidean abiadura erregulatuko duten bost semafororen bidez
uhin berdea sortzea onartu du udalak.
35+890 eta 36+790 puntu kilometrikoetan izango du eragina
uhin berdeak, herria igarotzen duen zeharbidean. Udalak zehaztu duenez, 1.300 metroko luzerako tartean bost semaforo erregulatzaile eta aurretiaz abiaduraren berri ematen duen seigarren bat jarriko dituzte.”
Uhin berdeak abiadura erregulatzeko semaforoak sinkronizatzean datza. 50 kilometro orduko abiaduran doanak semaforo guztiak berde izango ditu, eta abiadura handitzean gorri jarriko da semaforoa”.
Aldundiko Herri Lan Sailak bi lan egunetan egindako ikuskapena dauka oinarrian proiektuak. Diputazioaren iritziz, uhin berdeak “elkargune batzuetako segurtasun maila areagotuko du”. Semaforoak jartzeaz gain, beste zenbait aldaketa ere aurreikusten ditu. Esate baterako, oinezkoen pasaguneetan egingo dituzte aldaketak. Hain zuzen, egungo pasaguneetako batzuk kendu egingo dituzte, eta berriak sortu. Halaber, segurtasuna handitzea helburu, jarriko dituzten bederatzi pasaguneetan izango dira semaforoak.
Bestalde, neurri osagarri batzuk ere hartuko dituzte. Hala, elkargune batzuetan maniobra batzuk debekatuko dituzte, “ikuspen baldintza onak ez edukitzeagatik”. Horrez gain, kale batzuetako zirkulazio zentzuak aldatuko edo debekatuko dituzte, eta elkargune batzuk erregulatzeko eta “herrigunera sartzeko ate” izango diren glorieta bi egingo dituzte.
Proiektu “garrantzitsua”
Juan Felix Naberan alkateak jakinarazi duenez, 2014ko martxorako martxan egongo da sistema berria. Hartara, udaberritik aurrera egiaztapen guztiak egingo dituzte, eta udarako, trafiko gehien hartzen duen sasoirako, bete-betean egongo da abian.
“Herriaretzat proiektu garrantzitsua” da
uhin berdearena, zeharbide horrek “herriko etxe nukleo gehiena” hartzen baitu, “aisialdi zonalde nagusiarekin” batera. Naberanen berbetan, “horregatik da garrantzitsua errepidea gehiago erregulatzea eta gidariak abiadura murriztera behartzea”.
“Agintaldiko proiekturik nagusienetakoa” da esku artean daukatena. Izan ere, “funtsezkoa auzotarren segurtasuna areagotzea da”, Gautegiz Arteagako alkatearen ustez. Gainera, “proiektuak errepideko elkarguneak ere hobetzen” dituela esan du Naberanek.