Goiko plazako gune sozialaren (BBKren egoitza izandakoaren) etorkizuna definitu gura du Bermeoko Udalak, eta, horretarako, herritarren ideiak jaso nahi ditu. Hala,
Bermeon Erabaki ekimenaren baitan, parte hartze prozesua martxan jarriko duela azaldu du. Horretarako, hiru batzar egingo dituzte, datorren eguaztenean 19:00etan hasita.
Josu Unanue Bermeoko alkateorde eta Gizarte Zerbitzu Saileko zinegotziak azaldu duenez, datozen 10 urteotarako hartu du Bermeoko Udalak BBKren egoitza izandako lokal horren kudeaketaren ardura, eta gune hori “herri mugimendua eta boluntariotza bultzatzeko egokia” izan daitekela uste du. Hain zuzen, “leku bizia” izatea gura du udalak, baina, azken finean, herritarrek eurek esango dutela zer egin bertan azaldu du Unanuek. Hain justu, herritarren antolakuntzarako espazio bat ireki nahi du udalak, “lokal horren erabilera eragile ezberdinen artean adostea eta herri mugimenduan sareak sortzea eta horiek indartzea”.

Parte hartze prozesuaren barri emateko prentsaurrekoa, gaur goizean.
Parte hartzeko deia
Horregatik, herriko talde, elkarte zein eragileei parte hartze prozesuan parte hartzeko deia luzatu die; “pertsona guztiei irekita dago, adinak ez dauka garrantzirik”. Horrela, udalagaz batera, lokal horren definizioa, helburuak eta bete beharreko funtzioak zehaztu ahalko dituzte herritarrek; izan ere, “Bermeoko herri mugimendu eta elkarteen beharrak eta egoera kontuan hartuta, lokal hau herri eragileentzako tresna eta baliabide izatea” nahi du udalak.
Beraz, parte hartu nahi duen orok hilaren 13an, 20an eta 27an izango du horretarako aukera, 19:00etatik aurerra. Ordu eta erdiko batzarretan, aipatu lokalaren inguruan aritzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Lehenengo batzarrean, hain zuzen, prozesuaren nondik norakoak aurkeztuko dituzte eta udalak bere helburuak zeintzuk diren jakinaraziko ditu. Horregaz batera, herriko elkarteen beharrak identifikatuko dituzte eta gune sozialaren definizioa, helburuak eta funtzioak zehaztuko dituzte.
Funtzionamendua zehazteke
Bigarren saioan, barriz, gunearen funtzionamendua zehaztea aurreikusten dute, eta hirugarren eta azkenean, funtzionamendua, arauak eta baldintzak zehaztea eta baita aurreko bileretan adostutako berrestea eta prozesuan zehar sortutako ondorioak argitzea eta onartzea.
Parte hartze prozesu horren gaineko informazio gehiago nahi duenak Bermeoko Udalaren webgunean (www.bermeokoudala.org), facebookean (facebook.com/bermeonerabaki) edota
bermeonerabaki.wordpress.com webgunean eskuratu ahalko du.