AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak zapatuan
Gernika-Lumon egitekoa den aurkezpena debekatzeko eskaera egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalari. Zapatukoa
Tantaz Tantak urtarrilean Bilbon egingo duen mobilizazio ekitaldiaren aurkezpena izango da.
Astra kulturarako fabrika sozialean izango da: 10:00etan batuko dira eta 12:00etatik aurrera emango dituzte komunikabideentzako azalpenak.
Deitzaileek azaldu zutenez, zapatuko ekimenaren helburua elkartuko direnen artean
urtarrilaren 11ko mobilizazioa «definitzea eta karakterizatzea» da.

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartearen arabera,
presoen aldeko agerraldiak «biktimen memoria mindu dezake» eta eurenganako «irain argia» da.
Lehengo eguenean egin zuen AVT-k zapatuko ekitaldia debekatzeko eskaera. Horretan, Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari ekitaldia deitu dutenak ikertzeko eskaera egiten zien Terrorismoaren biktimen elkarteak, horrela, «deitzaileen artean erakunde ilegalik dagoen» jakiteko. Gaineratu dutenez, ekitaldia urtarrilean Bilbon egiten den manifestazioaren «lehenengo pausoa» da, eta aurreratu dutenez, hori ere «debekatzeko eskaera» egingo dute.
Momentuz epaitegiaren erantzunaren zain daude alde biak.