Oinarrizko gizarte zerbitzu eta gizarte programak mantendu ahal izateko beharrezkoak diren diru laguntzak manten ditzaten eskatu die Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari; izan ere, azken urteetan “murrizketa gogorrak” egin dituztela kritikatu du Bermeoko Udal gobernuak. Eskaera horiek egiteko mozioa aurkeztu zuen Bilduk, eta EAJren abstentzioagaz, onartu egin zuen Bermeoko udal gobernuak azken osoko bilkuran.

Eguenean egin zuen osoko bilkura Bermeoko Udalak
Aldundiak zein Jaurlaritzak azken urteotan egindako “murrizketa bortitzen” ondorioz, Bermeoko Udalak gizarte zerbitzu guztiak bere horretan mantendu ahal izateko “oso zail” duela adierazi du; horregatik eta “gizarte zerbitzuak mantentzea ezinbestekoa delako” aurkeztu du Bilduk aipatu mozioa. Horren bitartez, oinarrizko zerbitzu horiek mantentzeko eskatu die udalak aldundiari eta jaurlaritzari, besteak beste: drogomenpekotasunari aurre-hartzeko programa, adin txikikoentzako programa, zaharrentzako programak, genero indarkeriaren aurkako programa, etorkinentzako programak eta emergentziako laguntzak, kasuan kasu. Horrez gain, zaharren udal egoitzan ohe gehiago kontzertatzeko ere eskatu die beste behin. “Gainera, kontuan hartu behar da Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntza dela ezgaituen egoitza zerbitzua eskaintzea”.
Bilduren ustez, “erakunde guztien ardura da gizarte zerbitzuak herritar guztiei bermatzea eta, era berean, udalari laguntzea hori horrela izan dadin; are gehiago, egun bizi dugun testuinguru ekonomikoan, alegia, herritarrek inoiz baino beharrizan gehiago dituztenean”. Gizarte zerbitzu horiek bermatu ahal izateko, gainera, Bermeoko Udalak nabarmendu du “beregain” hartu behar izaten dituela bereak ez diren eskuduntzak.
137.000 euroko murrizketak
Bermeoko Udalak gizarte zerbitzu guztiak eskaini nahi dituela argi du, baina, horretarako, Jaurlaritzaren eta aldundiaren laguntza “beharrezkoa” dela uste du udalak. Dena den, gizarte zerbitzuetara bideratutako diru laguntzetan egindako murrizketek bide horretan ez dutela laguntzen azpimarratu dute. Izan ere, Jaurlaritzak Bermeoko Udalari oinarrizko gizarte zerbitzuak mantentzeko ematen dizkion diru laguntzak 137.000 eurotan (%56,07) murriztu ditu azken bi urteotan. Hain zuzen, 243.000 euro jaso zituzten udalak Jaurlaritzaren eskutik 2011. urtean, eta 148.573 euro 2012an; aurten, barriz, 106.753 euro jaso ditu.
Gizarte programentzako diru laguntzei dagokionez ere, murrizketak izan direla azaldu du Bilduk. “Drogomenpekotasunari aurre hartzeko programara, esaterako, 36.034 euro bideratu zituen Jaurlaritzak 2010ean; 33.369 eurora jaitsi zuen laguntza 2011n eta 27.869 eurora 2012an. 2013an, ostera, “soilik 16.206 euro” bideratu ditu. Beraz, programa horretara bideratutako laguntza %54,97an jaitsi du azken urte horietan.
Bizkaiko Foru Aldundiarekin ere gauza bera gertatzen dela dio udalak. “2012an Gizarte Kutxatik eman zituen 371.000 euroak 343.846 eurora murriztu ditu aurten eta”. Bestalde, Dependentzia Legea dela eta, aldunditik jasotako diru laguntzek bi urtetan ia 50.000 euroko murrizketa izan duela zehaztu dute; %34,03koa, hain zuzen ere.
EAJren abstentzioa
Bilduk aurkeztutako mozio horren aurrean abstenitzea erabaki zuen EAJk azken osoko blkuran; izan ere, horien ustez, “aldundia eta Jaurlaritzak egindako murrizketak, krisi egoeraren ondorioz egindakoak” izan dira. “Oinarrizko gizarte zerbitzuak bermatzea nahi dugu guk ere, ez dago horren zalantzarik, baina mozio horretan ez dugu objektibotasunik ikusten; izan ere, murrizketak egiten dituenaren arabera jokatzen duzue zuek”, azaldu du EAJk.
Bilduk, bere aldetik, “penaz” hartu du EAJk mozio horren alde ez bozkatzea; izan ere, “bermeotarren gizarte zerbitzuak dira jokoan daudenak, Bermeoren ongizate maila”. “Herriaren aurretik alderdia jarri dute, herriaren beharrizanak eskatu beharrean, bere alderdikideak ez molestatzea erabaki dute. Guztion erantzunkizuna da gizarte zerbitzuak bermatzea, baina badirudi hori ez dela EAJren lehentasuna”, nabarmendu dute.