Kalitatezkoa, giro onekoa eta lan handia egindakoa izan da aurtengo Halloween Metal Fest jaialdia. Bermeoko Kafe Antzokian beldurra eta metal musika uztartzen dituen jaialdiagaz gozatzeko aukera izan zen zapatuan, eta 150 bat lagun izan ziren aukera hori aprobetxatu zutenak. Orain arteko kartelik garrantzitsuenetarikoa ekarri dute antolatzaileek seigarren Halloween Metal Fest jaialdira, eta horrek emandakoagaz «oso pozik» dira Spookypheria Productions elkarteko kideak.
Dark Code eta Kudai talde gipuzkoarrak eta Somas Cure eta Skunk D.F. madrildarrak izan ziren taula gainean zapatuan, eta «kontzertu itzelak eskaini zituzten laurek».Antolatzaileen ustez, «soinu eta argiztapenari dagokionez, lan bikaina» egin zuten antzokiko teknikoek.
Horien arabera, gainera, musika bideo emanaldiak (Videojukebox) zein horien aurkezpenak grabatzerakoan sortutako toma faltsuek arrakasta handia izan dute oraingoan ere.
Urtero legez, mozorrotuta joateko deialdia egin dute antolatzaileek; dena den, aurreko urteetan baino jende gutxiago mozorrotu omen da aurten; «eguraldi kaxkarraren ondorioz, seguraski».



