Eguaztenetik azaroaren 29ra arte, aparkalekua mugatuko dute Askatasuna Bidea eta Ander Deuna kaleetan
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, saihesbidearen biaduktuak eraikitzeko garraio oso astuna igaroko da herritik, eta, hori dela eta, Askatasuna Bidea eta Ander Deuna kaleetako aparkalekua mugatuko dute azaroaren 6tik 29ra bitartean.
Eguaztenetik (20:00etatik aurrera) azaroaren 18ra arte (10:00ak arte) hustu beharko dituzte aipatu bi kaleak; beraz, herritarrek egun horietan guztietan ezin izango dute kotxerik aparkatu bertan.
Azaroaren 18tik azaroaren 29ra, berriz, soilik aparkaleku batzuk izango dira erabilgarri; alegia, Akatasun Bidea kaleko alde bat eta bihurguneak kotxez libre geratu beharko dira. Herritarrek non aparkatu daitekeen jakiteko, seinaleak jarriko dituzte.
Aparkalekuak mugatzeaz gain, Askatasuna eta San Andres kaleetako edukiontziak lekualdatu egingo dituzte egun horietan; hala ere, kale horien inguruan jarriko dituztela aurreratu du Bermeoko Udalak.
Hain zuzen, San Andres eta Zubiaur tar Kepa kaleetatik sartuko dira garraio astunak Bermeora; hori dela eta, zenbait egunetan, hiri elementuak (semaforoak, argi-puntuak…) kendu beharko dituzte.
Dena den, Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, aipatu egunetan aldaketak egon ahalko dira; hala izatekotan, baina, herritarrek horren berri izango dutela azaldu dute udaletik.