'Busturialdea Gaztedi' hitzarmena kritika eginda onartu du Bermeoko Udalak
Busturialdea Gaztedi hitzarmena izango du 2013-2015 urteetan Bermeoko Udalak, azken osoko bilkuran aho batez hala adostu ostean. Aldeko botoa eman arren, hitzarmenari “onarpen guztiz kritikioa” eman dio Bilduk, Bizkaiko Foru Aldundiak egin dituen diru laguntzen banaketa irizpideak ez baititu gustuko. Izan ere, Bermeo “diskriminatu” egin duela dio; “jasotako diru laguntza ez datorrelako bat Bermeon bizi diren gazte kopuruagaz”. Hala, 2012an 30.000 euroko diru laguntza jaso bazuen ere, hitzarmenak iraun bitartean, diru laguntza horren erdia baino gutxiago jasoko du Bermeoko Udalak urtero.
“Murrizketa oso gogorra” izan dela eta, jarraipen batzordean irizpideak eta egungo egoera berrikustea eta berplanteatzea eskatuko dute. Izan ere, diru laguntzak banatzeko erabili dituzten irizpideekin, herrien arteko “ezberdintasun handiak” sortu dituzte, eta “Bermeoko Udalarentzat kostuz askoz handiagoa izango du hainbat programetan parte hartzeak”.
Bizkaiko Lurralde Historikoko toki eremuan gazteentzako politikak koordinatzeko organoa da Udal Gaztedi eta bere helburu nagusiak “gazteentzako ekintzak sustatzeko irizpideak bateratu eta hobetzea eta udalen iritziak eta iradokizunak jaso eta kontrastatzea” dira. Juan Karlos Agirre Bermeoko Udaleko Gazteria Saileko zinegotziak azaldu duenez, Busturialdea Gaztedi hitzarmenaren bitartez, Bizkaiko Foru Aldundiak hiru arlotan ematen ditu diru laguntzak: batetik, emantzipazioa eta autonomiari dagokionez; bestetik, gizarte eraikuntzari dagokinez, eta, azkenik, lurralde aktiboari dagokionez.
Hala, arlo horietan garatzeko hainbat programa eta proiektu aurkeztu zituen Bermeoko Udalak, batzuk beste udalekin amankomunean, eta beste batzuk bakarrik. Aurkeztutako horietako batzuk ukatu ere egin zizkieten; Gernika-Lumoko Udalagaz batera aurkeztutako bertso eskolarena, esaterako. Horrez gain, GIZ eta GEZ zerbitzuak ere kanpoan geratuko direla adierazi die aldundiak, ez badute, behintzat, zerbitzu hori inguruko herrietara zabaltzen.