
Aintzane Larrabaster
Entsalada baterako, tortilla bat egiteko edo azkar batean afari bat prestatzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute kontserbek. Lata edo potea zabaldu, eta mokadu gozoa, prest. Horren atzean zer-nolako lana eta esfortzua dagoen, ordea, gutxitan izaten da kontuan. Emakumeak izan ohi dira, gehienbat, kontserba enpresetako beharginak. Aintzane Larrabaster da horietako bat (Bilbo, 1966); baita prebentziorako LABeko ordezkaria ere.
1999az geroztik ari da arrain artean lanean, Bermeon. Ormaza enpresan egin zituen hastapenak. “Bi hilabeteren ostean, Salicatik deitu ninduten, eta han lan gehiago zegoela ikusita, bertara joatea erabaki nuen”. Ez dauka lanpostu jakin bat: “Agintzen didatena egiten dut”. Aspaldion, poteak ixten ari da. Lan hori ez baldin badago, ordea, arrainak garbitzen, arrain freskoagaz lanean, biltegian… edozertan aritzea egokitu dakioke.
“Oso nekagarria eta monotonoa da”. Halaxe definitu du egiten duten lana. Lan horretatik gogorrena zer den galdetuta, lehenago ez zukeen zalantzarik izango: pentsatu ere egin barik, “hotza” esango zukeen. “Hotz handia egiten du, etengabe uretan ibili behar dugu, korronte artean gaude, oso zikina da…”. Alde txar asko bururatu zaizkio bata bestearen atzetik.
Gaur egun, ordea, ez dauka horren argi. “Arrain freskoaren sailean giroa desberdina da. Han ez duzu makina baten erritmora ibili behar, zure lankideen erritmora baizik. Lan handia egin behar duzu, baina ez daukazu makinaren estresa”. Barruan, ordea, “poteak edo latak egiten baldin bazabiltza, kontrolatuta zaude. Ikusi egiten da zenbat kilo egiten dituzun. Presioa eragiten du horrek”. Argi duten arren bakoitzak ahal duena egiten duela eta inor ez dela leku guztietan onena, makinaren eskaerari erantzun egin behar diotela azaldu du.
Arrain hatsa
Arrain usaina gainetik kentzea ere ez da lan erraza izaten. Arraina egosi berri dagoenean, “hatsa” izaten du eta “barruraino” sartzen da. Larrabasterrek badu trikimailuren bat usain hori kentzeko: “Sukaldeko usainak — berakatzarena, esaterako—kentzen dituen xaboia erabiltzen dut nik”. Enpresan bertan dutxak ere badituzte, baina jarraian dutxatuta ere usain hori kentzea oso zaila dela esan du. “Nik sarri ez dut nabaritzen. Gertatu izan zait, ordea, dutxatu ostean ere alabak arrain usaina dudala esatea”, nabarmendu du.
Larrabasterrek uste du “tradizioaren eragina” dela kontserba enpresetako produkzio lanetako langile gehienak emakumeak izatea. “Horrez gain, gaizki ordaindutako lana denez, gizonek ez lukete nahiko. Lan hori beti izan da familia baten bigarren aukera baten antzekoa. Hau da, etxeko soldata nagusia osatzeko modu bat”. Gaur egun, ordea, hori aldatu egin dela dio, eta enpresan bertan senar-emazteak egon badaudela.
Hala ere, gizonek soldata handiagoak dituztela dio. “Bata soldatzailea delako, besteari ikasteko aukera eman diotelako… Ez dut ulertzen zergatik emakumeoi ez diguten zenbait gauza ikasteko aukerarik ematen”, kexu agertu da. “Nire ustez, emakume batek egun osoa ematen badu makina baten aurrean, ikastaro batzuekin lanean sor daitezkeen gabezia batzuk zuzendu ahalko ditu”.
Horrez gain, haren ustez, emakumeek eurek dakite zerk funtziona dezakeen hobeto eta zerk txarrago lan katean; edota zein aldaketa diren hobeak. “Makina bat leku batetik bestera mugitzea bururatzen zaie arduradunei, esaterako. Zergatik demontre ez diete galdetzen emakumeei zelan ikusten duten eurak hobeto? Askotan gertatu da makina batzuk lekuz aldatzea, eta gero, lanerako lekurik ez egotea”.
Emakumeak alor horretan kontuan ez hartze horrek “gutxietsita” sentiarazten ditu. “Ni bakarrik ez. Azken finean, nik hamalau urte daramatzat hemen. Lantegian badaude, baina, 14 urte zituztenetik lanean ari diren andreak. Gaur egun 60 urte dituzte. Emakume horiek ez al dakite arraina ikusita ondo dagoen, gogor badago, poteetan sar daitekeen…? Nik uste eurekin egin beharko litzatekeela lan; baina azkenean eurak izaten dira gutxietsienak”.
Mailaz edo postuz igotzeko orduan ere borroka berbera darabilte enpresan. “Maila altuenak euren ustez erantzukizun handiena dutenei ematen dizkiete. Nork dauka erantzukizun handiena, ordea? Pisu zehatza duen potea betetzea erantzukizun bat da, potea polito jartzea, arraina alderantziz ez sartzea…”. Erantzukizuna, ordea, beste era batera neurtzen dutela salatu du. “Hori ondo egon liteke lanpostu horietarako guztiontzat zabalik egongo liratekeen oposizioak egingo balira. Hori, ordea, ez da horrela: Lantegira sartzean boligrafo bat edo aizto bat ematen dizute”. Eta horrek markatuko du batzuen eta besteen etorkizuna.
Mailaz igotzen ez dituztenak enpresan “urte mordoa” daramaten emakumeak dira. “Produkzioa aurrera ateratzen dutenak, hain justu. Emakume horiek lanik ez badute egiten, laborategiak, komertzialak… guztiak daude sobera. Arduradunek esaten dute guztiak ezin daitezkeela izan lehen mailako ofizialak. Zergatik ez, ordea? Gu ez gara ingeniariak, ezta NASAko langileak ere. Ez iezadazu esan enpresan berrogei urte lanean daramatzan emakume bat ezin dela lehen mailako ofiziala izan. Kontuan hartuta, gainera, kategoria batetik bestera bost euroren aldea dagoela. Ez da diru kontua, duintasunezkoa baizik”.
Lan gatazka
Joan den astean lan gatazkak direla eta hedabideetan agertu ziren kontserba fabrikak. “Bizkaiko hitzarmenarekin ari gara, oraingoz”, azaldu du. “Uztailaren 7an estatukoa jartzea erabaki bazuten ere, gure hitzarmeneko klausula batek dio berau indarrean egongo dela berri bat sinatu arte”. Helegite bat jarri dute enpresa zenbait behargini Madrildik ezarritako hitzarmena aplikatzen ari zaielako. “Gutxien irabazten dutenei ezarri diete: lantegian gehien dakiten emakume horiei; baita gizon bakanen bati ere”. Borrokarako prest daude, ordea. “Langileak ahalik eta gutxien galduta, enpresari erantzunarazi egingo dioten gauza batzuk baditugu buruan. Langileen artean beldurra dago, baina beldurrarekin ezin gaitezke bizi”.