Hiru urte
Euskaltel-Euskadi taldean ibili ostean,
Caja Ruralen egingo du hurrengo denboraldia Peio Bilbao txirrindulariak (Gernika-Lumo, 1990). Momentuz, urtebeteko kontratua sinatu du taldeagaz, eta denboraldia hasteko «ilusioz» dagoela dio gazteak.
Euskaltel-Euskadigaz bizi izan duzuena eta gero, pozik egongo zara talde berria topatzeagaz, ezta?
Bai, pozik nago. Azkenean neure burua egoera oso txarrean ikusi nuen, oso gaitza izango zelako beste talde batzuk topatzea. Euskaltel-Euskadiren aldetik ere gauzak ez zizkiguten bat ere erraztu: azkenengo momentura arte ez genuen eduki informaziorik, jakin genuen arte talde barik geratuko ginela. Gainera gero ostera ere Fernando Alonsok taldea erosiko zuela zabaldu zen, eta beste aukera bat piztu zitzaigun. Denok uste genuen horrek aurrera egingo zuela, baina azkenean, hori ere ez. Antza, berak Alonsok egin zuen atzera. Eta horrela geratu ginen: denboraldi amaieran, eta talde barik.
Gaitza izan da taldea topatzea?
Nik Alonsorena pasatu baino arinago Caja Ruralegaz elkarrizketak eduki nituen, eta eurek momentu guztietan erakutsi zuten ni ekipora eroateko intentzioa . Alde horretatik, segurtasun hori eduki nuen, beste txirrindulari batzuk eduki ez dutena. Eta errealitatea da nire moduko txirrindulari gazte asko, emaitzarik ez barikoak eta ikasten eta ibilbidea egiten ari garenotarik, azkenean kanpoan geratuko dira asko eta asko. Euskaltel-Euskadin nire antzeko egoeran beste lau-bost txirrindulari badaude, eta pena handia izango da kanpoan geratzea. Azkenean nagusiagoak direnak eta euren ibilbidea amaitzeko puntuan daudenak, nahiz eta ez den modu polita holan amaitzea, behintzat euren ibilbidea egin dute gitxi gorabehera. Baina gure moduan hor hasten gaudenak pena da kalean geratzea, behin txirrindularitzatik aldenduz gero ia ezinezkoa delako bueltatzea.
Zu momenturen batean ikusi zara pelotoitik kanpora?
Gutxi gorabehera Caja Ruralegaz berba eginda neukan, baina Alonsorena gertatu zenean momentu baten bai, ikusi nintzen ezer barik. Egun bat edo izan zen, hurrengo egunean ostera ere berba egin nuen Caja Ruralekoekin eta lekua mantenduko zidatela esan zidaten. Oso ondo portatu dira nirekin. Tratu oso ona eman didate Caja Ruralen, eta oso pozik nago, eskertzekoa da.
Urtebeteko kontratua daukazu. Luzatzeko aukerarik egongo litzateke?
Ez dakit oraindik, ez dugu egin berbarik horri buruz. Izan ere, azkenean eurek ere argi daukate eta argi utzi didate pasoko talde bat dela. Euren helburua jendeari aukerak ematea da, gazteei edo talde barik geratu den jendeari aukerak ematea. Apur bat zubi funtzioa egiteko taldea da, gero handiago batera sartzeko.
Caja Ruralek konfidantza jarri du zugan. Zelan erakutsiko diezu zuk?
Eskertzeko modurik onena datorren urtean gogoa erakustea eta lasterketa guztietan borroka egitea izango da. Hori da konfidantza erakusteko modurik onena.
Caja Ruralean beharbada askatasun gehiago edukiko duzu, ezta?
Bai, uste dut baietz. Nik horrela planteatu dut talde aldaketa. Ez dut txarto hartu kategoria galtzea. Nik uste dut profesionaletara egin nuen pausoa oso gaztetik egin nuela agian, nahiko arin izan zen. Denbora behar izan dut maila horretara egokitzeko, eta pauso bat atzera egiteak eta maila bat jaisteak mesede egingo dit agian; nik horrela ikusten dut. Eta izan daiteke askatasun gehiago edukitzea: Egutegi hobea, ez egotea beti beste batzuen menpe…
Orduan, itxaropentsu zaude datorren urtera begira?
Bai. Nik egia esan dagoeneko kriston gogoak ditut denboraldia hasteko. Ilusioz nago taldeak zer helburu jartzen didan jakiteko. Datorren asteburuan daukagu lehenengo kontzentrazioa. Apur bat gainetik ikusi dugu taldearen funtzionamendua zein izango den, baina gauza asko daude zehazteko. Orain momentuan deskantsuan nago. Duela aste bi amaitu nuen denboraldia eta hilabete inguru hartuko dut deskantsatzeko. Hortik aurrera berriro suabe-suabe hasiko naiz datorren denboraldia prestatzen.
Posible ikusten duzu Caja Ruralen pausotxo bat eman eta etaparen batean aurrean ibiltzeko?
Egun berean hainbat egoera batzea da: forma onean egotea, norberarentzako lasterketa apropos bat egotea… gauzako asko bateratu behar dira, baina beti dago posibilitatea lasterketa bat irabazteko. Ahaleginak egitea da, eta beti ihesaldietan dabilenak eta saiatzen denak noizbait lortuko du. Nire lehenengo urtean, espero barik, bigarren egin nuen, inork espero ez zuela. Baina bueno, ez da nire helburu printzipala lasterketa bat irabaztea, ez daukat obsesinorik horregaz. Ni lasterketa guztietara joaten naiz gogo guztiekin, eta badakit lasterketaren batean zortea eduki dezakedala.
Oraindik gaztea zara eta erakusteko asko daukazu.
Bai, hori da nire asmoa. Ia aurten eman didaten aukeragaz zer edo zer demostratzeko kapaza naizen eta talde horretan edo beste batean jarraitzeko aukera daukadan nire ibilbidean aurrera egiteko, eta horrela, ikusteko noraino heldu naitekeen. Nire helburua apurka hazten jarraitzea da.
Atzera begira, zelan baloratuko zenuke aurtengo denboraldia?
Ez zen bat ere ondo hasi belauneko lesioa zela eta: nahiko atzerapen handia eduki nuen prestakuntza aldetik. Baina gero, apurka-apurka hartu dut erritmoa. Nik uste dut Euskaltel-Euskadiko hirugarren urtean aurrerakuntza eduki dudala. Agian emaitzetan ez dut demostratu, ez dudalako neuretzako lasterketa egokirik edo egutegi aproposik eduki. Baina ni neu pelotoian askoz hobeto moldatu naiz. Uste dut, aurrera egin ahala ofizioa ikasten noala. Hurrengo etapetan esperientzia guzti horrek asko balio izango didala uste dut.
Besterik?
Eskerrak eman nahi nizkioke Caja Rurali eman didaten konfiantzarengatik. Azkenean, garai gaitz batean nigan fijatu dira eta aukera eman didate, eta espero dut lan ona egitea. Euskadi fundazioa ere eskertu nahi nuke, hainbeste urte eurekin egin ditudalako. Eta azkenik, Gernikesa herriko taldeari ere eskerrak eman behar dizkiot, eta orain gehiago, desagertzekotan dira-eta. Ni bertan hasi nintzen kadeteetan, eta pena handia emango lidake desagertzeak.