Banatze prozesuan dauden bikoteen familiei laguntzeko programa martxan jarri dute Bermeon
Bermeoko Gizarte Udal Patronatuak abiarazitako programa hezigarria da eta “familia egokitzen laguntzea eta familia berrantolatzean sor daitezkeen arazoei aurrea hartzea” da bere helburua. Hala, programa horren bitartez, “gure gizartean geroz eta zabalduago dagoen errealitate sozial batera” hurbilduko dira herritarrak, Udal Patronatuaren ustez. Hain zuzen, familiei laguntzeko beharrak kontuan hartuz, horiek baloratu eta aurre hartzeko estrategiak landuko dituzte programa horretan.
Azken finean, programaren eraginkortasunma zein den aztertu eta familien eta perrsonen beharriznaak zeintzuk diren ezagutu gura dituzte; hori dela eta, gune sozio-demografiko askotariko biztanleria zabalari zuzenduta egongo da programa.
Azaldu dutenez, bost saiotan banatuko dute programa hezitzaile hori. Bakarkako edota taldeko saioetan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, bakoitzak nahi duen modalitatean. Dena den, bikoteko kide biek parte hartu gura badute, talde ezberdinetan bananduko dituzte. Beraz, programan parte hartu nahi duenak Gizarte Ongizate Patronatuko bulegora jo beharko du eta gizarte langilearekin hitzordua jarri beharko du bertan.
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuarekin batera, Galdakaoko Udalaren Gizarte Ekintza Saila, Lea-Artibai Mankomunitatearen Gizarte Zerbitzuetako Saila eta Barakaldoko Udalaren Haur, Gazte eta Familiako Saila aritu dira elkarlanean programa hau gauzatzeko. Halaber, EHUko Psikologia Fakultateko Harremanak Ikerketa Taldearen eta Agintzari GEKaren arteko lankidetza teknikoa ere baduela esan du Bermeoko Udalak.
Horiek guztiek batera, beraz, erabiltzaileei kalitate hobeagoko prestazioak eta udalen gizarte-zerbitzuei lurralde bakoitzeko gizarte-premien ezagupen hobea ematearen alde lan egin egiten saiatuko dira.